Zubietako erraustegia

Arkaitzerrekako gutxieneko emaria bermatzea eskatu dio Udalak Ura Agentziari

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 22a, 14:39

Bi erreklamazio aurkeztu dizkio Usurbilgo Udalak, Zubietako Arkaitzerrekan ponpaketa-sistema bat eraikitzeko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Uraren Euskal Agentziari (Ura) eginiko baimen eskaerari.

Arkaitzerrekan "Donostiako udalerrian (Gipuzkoa), Zubieta auzoan Arkaitz errekastora isurtzen duen cmg1 plataformako ibarbidearen hondoko drain-hodiaren irteerara ponpaketa-sistema bat eraikitzeko obrak" egiteko baimena eskatu zion Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Ura Agentziari.

Eskaera hari buruz urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak (GAO) kaleraturiko iragarkia zeresana ematen ari da azken asteotan. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak edota GuraSOSek Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara isuritako kutsadura Loiolako araztegira eta handik itsasora desbideratu nahi dutela salatu dute. GuraSOSek gogoan izan erraustegiaren berehalako itxiera prebentiboa eskatzeko mobilizazioa deitu du igande honetarako, azaroaren 27rako, Donostian (12:00etan Kursaalen). 

Gutxieneko emaria bermatzeko eskaera
GHK-k eginiko baimen eskaera urriaren 29az geroztik 23 egun balioduneko epean jendaurrean alegazio epean egongo zela iragarri zuen urriaren 28ko GAO-k. Tarte honetan, Usurbilgo Udalak "bi erreklamazio jarri dizkio". "Batetik, Arkaitzerrekaren gutxieneko emari ekologikoa bermatzea eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartzea". Udalak ohartarazi duenez, "Arkaitzerreka zein ponpaketa sistema Donostian kokatzen diren arren, hortik 575 metro ingurura Usurbilgo udalerrira iristen da erreka, eta, ondorioz, ponpaketa sistema horrek eragin zuzena izango du Usurbilgo iritsieran ere".

Udalak bigarren eskaera bat ere luzatu dio Ura Agentziari. "Ponpaketa sisteman ez ezik betelaneko ibar osoan kutsatuta egon daitezkeen cmg1-eko lurrak deskontaminatzeko neurriak har ditzaten eskatu du, Usurbilen kokatzen diren lur eta Arkaitzerrekako uretan eraginik izan ez dezaten. Izan ere, cmg1 ibarbidearen hondoko drain-hoditik isurtzen diren urak ponpatzea da proposatu duten irtenbidea. Jakinda drain-hodiare gaineko lurrak (betelana) kutsatuta egon daitezkeela, eta beraz ur kutsatuak drain-hoditik ez ezik, betelanaren beste gunetatik ere irten daitezkeela, Usurbilgo urak eta lurrak kutsa
ditzakete".

"Zigor-arloko bidean"
Aipatu bi erreklamazio hauek aurkezteaz gain, gogoan izan, uztailaren 14an Arkaitzerrekan isurketa gertatu zenean, "Udalak laginak hartu zituen, uztailaren 13an eta 14an, eta emaitzak aztertuta, ondorioztatu zuen Arkaitzerrekako uretan kloruro, amonio, konduktibitate eta DQO mailak ez zirela ohikoak, eta oso altuak zirela. Udalak gai horretan eskumenak dituzten erakundeetara bideratu zituen emaitzak, eta egun, zigor-arloko bidean dago gaia", berri eman du Udalak.