Milaka lagun-3.000 antolatzaileen arabera- batu ditu igande eguerdi honetan GuraSOSek Donostiako Zurriolan. Herri harresi handi bat eraiki dute, hondartza eta itsasertzaren eta etorkizunean hara bertara hel daitekeen Zubietako erraustegiaren kutsadurari ere. Gogoan izan, egun Arkaitzerrekara isurtzen ari diren kutsadura Zurriolatik gertu Monpas inguruan urperatu nahi dute, ponpatze-sistema bat eraikita. Handik Loiolako araztegira eta hortik Donostian itsasoratu asmo dituzte erraustegiak eragindako gai toxikoak.
Horretarako eraiki nahi izan dute gaurko herri harresia, gertatzen ari dena salatu eta erraustegia berehala prebentiboki geratzea eskatzeko. Kursaaletik abiatu da eguerdiko 12:00etan manifestazioa. Zubietako plantaren kutsadura itsasoratu nahi duten eremura ahalik eta gehien gerturatu nahi izan dute, Sagüeseraino. Han itzulia eman eta berriz abiapuntura, Kursaalera itzuli dira, txoko ezberdinetatik heldutako gipuzkoarrak; tartean nola ez, Zubietako eta Usurbilgo hainbat bizilagun.
Manifestazioaren buruan, itsasoarekin, eta Zubietako erraustegiaren kudeatzaileen asmoak betetzen badira, kutsadurarekin elkarbizi beharko duten arraunlari eta surflariak zihoazen. Atzetik, GuraSOSeko ordezkariak hizki larriz idatzitako "Gelditu!" aldarria zeraman pankartaren bueltan. Segidan, ez Donostia pareko itsasora, ez Oriara, ez Arkaitzerrekara heltzea nahi ez duten kutsaduraren aurrean harresia altxa duten herritarrak.