Ezkutatu nahian dabiltzana bistaratu nahi izan dute. Zubietako erraustegiak azken bi urte eta erdi honetan kutsatzen ari den Arkaitzerrekako irudia Donostiako Zurriolaraino eraman du gaur GuraSOSek, eguerdian deitu duen mobilizazioan. Apar txuria zerion hodiaren erreplika bat kokatu dute, etorkizunean kaltetu dezakeen hiriburu pareko itsasora begira. Haren ondoan kokaturiko oholtzatik eman dio amaiera GuraSOSek, erraustegia prebentiboki eta berehala ixtea eskatzea helburu zuen mobilizazioak.
Gogoan izan baitute gaurkoan Zubietako erraustegia eta haren ondotik igarotzen den Arkaitzerreka. 2020an amonio isuri batek bertako arrain eta aingiriak akabatu zituen. Uztailaren 14tik gorritsu eta apartsu dago erreka. Eta errekakoa gero Oria ibaira doa, eta handik itsasora. Erraustegiaren kutsaduraren lekukoa desagerrarazi nahi dutela salatu du GuraSOSek gaurko mobilizazio amaieran. "Nola? Añarberen saneamendu sarera desbideratuta eta handik Monpasera, Zurriolako hondartzara". Hortik, gaurko manifestazioa egiteko hautatu duten eremua. "Hemen bildu gara gaur hain justu, horri guztiari ez esateko, ez duzuela hori egingo. Dioxinarik ez. Ez Orian, ez Zurriolan, ez inon".
"Minbizia sortzen duten osagaien isurketaz ari gara"
2023ko udal eta foru hauteskudeei begira diren alderdi politikoei, Zubietako erraustegiak haien agendan egon behar duela gogorarazi diete. "Gipuzkoak une honetan duen ingurumen arazo kezkagarrienetako bat da". Hala dio Toxico Watch fundazioak kaleratu dituen azken datuek. "Azken bi urteotan dioxinen eta beste gai toxikoen kutsadura etengabe hazi dela", salatu dute. GuraSOSek ohartarazi duenez, "beste inon ez da hain denbora gutxian hainbeste kutsadura atzeman erraustegiaren inguruetan. Eta ez da txantxetakoa; minbizia sortzen duten osagaien isurketaz ari gara".
Hori gutxi ez eta erraustegia "boterearen erakusle" gisa totem batean bihurtu nahi izan dutela salatu dute. "Totem teknologikoa, perfektua, modernoena, seguruena... Bi urte besterik ez eta, nahikoak izan dira erraldoiari buztinezko oinak ikusteko". Eta hainbat adibide aipatu dituzte hori horrela dela baiezta dezaketenak. "Argindar eraldagailu nagusiak ez du bere lana betetzen, ez du balorizatzen. Batekin nahikoa izan arren, bi laberekin funtzionatzeak etengabe itzali eta piztera behartzen du (86 aldiz urte batean, ohikoena gehienez hirutan gertatzea litzatekeenean), eta horiek lan kutsakorrenak dira. Labeak homologatu gabe daude eta hasieratik ibili dira gaizki. Ondoriozm ingurua dioxinaz bete dute. Estankotasunak ere huts egin du. Zirkuitu itxi eta hermetikoa behar zuena, aitortu duten moduan ez da halakoa, eta lurrazpiko urak kutsatzen ari dira; baita Arkaitzerreka, Oria ibaia eta itsasoa. Aste honetan bertan, Arantxa Tapia sailburuak aitortu du kutsadura kasuetan labeak geldiarazteko sistema automatikoa, legeak agintzen duena, ez dagoela ezarrita".
Eusko Jaurlaritza aipatuta, bertako ekintza kutsakorren arduraduna, erraustegiaren eta Foru Aldundiaren Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) arduradunak ikertzen ari direla gogorarazi du GuraSOSek, "delitu ekologiko eta ingurumen prebarikazioagatik".
Elkarrizketarako deia
Horregatik, bi eskaera argi plazaratu dituzte; batetik, erraustegia prebentiboki berehala geratzea, "osasuna eta ingurumena bermatzeko". Bestetik, elkarrizketaren bidea ireki dezala eskatu diote Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori. "Bihar bertan, Markel Olano Diputatu Nagusi jauna, hitzordua jarri. Egoera honi denon artean aurkitu behar diogu irteera. Gu prest gaude gure ekarpena egiteko".
Elkarrizketaren bidez auzi honi konponbide adostua ematea galdegin dute. Horretarako ordea, ukatu den "informazio gardena eta parte hartzea ezinbestekoak dira", gogorarazi dute. "Ez dira konturatzen guri eta gure senideen osasunari eragiten dien gauzetan inork ez gaituela ordezkatzen. Guk erabakitzen dugu. Edozertarako gure onespena behar dute".