Zubietako erraustegia

Erraustegitik Arkaitzerrekara izandako filtrazioak "ingurugiroaren aurkako delitu" gisa ikertzen hasi da epaitegi bat

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 30a, 15:14

GuraSOSek berri eman duenez, "Donostiako bosgarren Instrukzio Epaitegiak aurretiazko diligentziak ireki ditu, Ingurugiroko Fiskaltzak hala eskatuta, ingurugiroaren aurkako balizko delitua dela eta, jatorria erraustegiaren jardunean duten kutsatzaileak daudelako, “pertsonen osasunerako eta ekosistemaren orekarako arriskua dakarten kopuruetan".

Erraustegiarekin lotuta epaitegietan zabalik dagoen hirugarren diligentzia da honakoa, GuraSOSek gogorarazi duenez. "Epaitegiak orain ikerketarako bere egiten duen fiskaltzaren idatzian adierazten da badirela Gipuzkoako Ingurumen Zentroaren (GIZ) aldetik zoruaren zein lurrazpiko uren balizko kalitate kontrol gabezia adierazten duten aztarnak, nahiz eta ezagutu arriskua, eta ez zela haien azterketa sakonik egin lehengoratze  lasterra egikaritze aldera".  

Fiskaltzaren ikerketa, aipatu elkarteak ohar bidez oroitarazi duenez, "
59/22 Diligentzien testuinguruan hasi zen, GuraSOSek egindako salaketaren harira. Fiskaltzak Guardia Zibileko UCOMAri (Unidad Central Operativa de Medio Ambiente) agindu zion beha zitzala errekastoa zein errustegiaren instalazioak, isuriaren jatorria aurkitzeko. UCOMAk bete du jada diligentzien atal bat. Uztailaren amaiera aldera behatu zuen errekastoa eta hartu zituen bere hegiko arrastoak, zeintzuk Instituto Nacional de Toxicología y Ciencias Forenses deritzonaren eskuetan diren orain aztergai. Bestalde, UCOMAk iragan urriaren erdi aldera egin zuen erraustegiaren “behaketa teknikoa“. Datozen asteetan espero da UCOMAk ikerketaren txosten bat landu eta dagokion epaitegira igortzea".


"Kutsadura larria dago azpiko uretan"
Gogoan izan, Zubietako zenbait bizilagun Arkaitzerreka apartsu eta gorritsu zegoela jabetu ziren iragan uztaila erdialdean. "GuraSOSek 2022ko uztailaren erdi aldera salatu zuen erraustegiaren gain-uren zein lurpekoen  kutsadura biziki larria zegoela, bai eta inguruko lurrena, metal astunek, dioxinek, furanoek eta fenolek, besteak beste, eragindakoa. Foru agiantariak zein Jaurlaritzakoak kutsadura horren jakitun ziren, duela bi urtetik. Hala ere GHKk behin eta berriz ukatu izan du egoera hori, harik eta 2022ko azaroaren 3an hondakinen partzuergoaren batzarrean aitortu zuen bazela “iragazi lixibiatu gertakari bat, ingurugiroko eraginik gabea”. Orain jakin da aipatu Epaitegiak, fiskalaren salaketa idatzia jarraikiz, eskatutako ikerketa abian jarri duela".    

Aurretik, uztailaren 14an hain zuzen, "Gipuzkoako Lurralde Fiskaltzaren ezagutzapean jarri zuen Donostiako erraustegitik etorritako material kutsatzaileen isuria ageri zela Arkaitzerrekan, egun bat lehenago apar zuria eta okre koloreko likidoa azaldu baitzen etengabe eta konpuru handian, erraustegiaren lurrazpiko urak jasotzen dituen hondoko drenetik". Irailean dokumentazio gehiago helarazi zuen epaitegira, "
tartean, Idom ingenieritzak 2021eko azaroan landutako txostenak, bai eta SGS kontrol entitateak urte bereko abuztuan, biak GHKren aginduz egindako ikerketen emaitza. Horiekin batera bideratu zituen Usurbilgo Udaltzaingoak errakastoan jasotako arrastoen azterketaren emaitzak, zeintzuetan material kutsatzaileen presentzia berresten zen, alegia amonioa, kloruroak eta kobrea, nikela eta kromoa bezalako metal astunak. Txosten horiek guztiek agerian uzten dute kutsadura larria dagoela azpiko uretan, metal astunekin, dioxina eta furanoekin zein TPHekin, 2020ko abendutik, jakina zena Ekondakin, GHK zein Ingurugiroko Sailburuordetzarentzat".    

Desinformazioa
Egoera honen aurrean herritarrak desinformatzea egozten dio GuraSOSek Gipuzkoako Foru Aldundiari. Berriki hedabide batean, duela bi urtetik erraustegiaren isuriak lege mugaren oso azpikoak direla baieztatu zuten Diputazioko ordezkariek. GuraSOSek ohartarazi duenez, aldiz, "e
z du ezertarako aipatzen Idomek edo SGSk GHKren aginduz egindako txostenei buruz, zeintzuetan esaten baitzen zoruetan eta lurrazpiko uretan azaldutako kopuru kutsatzaileek hain zirela altuak eze gainditu egiten baitzituzten “eskuhartzerako baloreak”, alegia arrisku jasanezinek zituztenak giza osasunerako zein ekosistementzako. Diputazioaren jarrera hau jendartearekiko zein iritzi publikorako ageriko iruzurra izaterarekn batera, ingurugiroari buruzko Aarhuseko [Suedia] akordioak ere desafiatzen ditu. Europako Batasuneko akordio horiek diotenez, botere publikoak behartuta daude erraustegia bezalako proiektuen eragin kutsatzaileei buruz herritargoa informatzera. Berez, ez dute betebehar hori baldintzatzen arrisku kutzaileok diren ala ez frogatzera, zalantzaezinezkotzat jotzen baitute halako priektuetan beti dagoela kutsadura".