Santa Ageda bezpera eta Inauterien asteburuak ate joka

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 2a, 12:45

Negu giro beteko ospakizun asteburuak biziko ditugu otsailean zehar.

Ezin esan, festa giroa uda parteko kontu soila denik. Negu garai honetan ere zer ospatua izaten dugu. Erreparatu bestela zer nolako hilabete datorkigun. Datozen hiru asteburuetan Santa Ageda bezpera eta Inauteriak izango ditugu. 

Larunbat honetan hasteko, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak iragarritako eskea. Hurrengo astebururako osasun krisialdi osteko hitzordu baten itzulera; Zubieta Lasarte-Oriarekin lotuko dituen Euskal Inauteriak, otsailaren 11n. Eta astebete beranduago, filmen bueltako Inauteri Festa Usurbilen, joaldun, txaranga, erromeria eta Orbeldikoen kalejirarekin. Ikastetxeek ere emanaldiak eskainiko dituzte.

Datozen neguko ospakizunak
Otsailak 4, larunbata
18:00 Santa Ageda bezperako kantu eskea Mikel Laboa plazatik, "egunak eskatzen dituen jantzi, makila eta farolarekin. Herritar edonori irekia dago parte hartzea. Ongietorriak izango dira bertso berriak, egun honetarako jarriak".
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.

Otsailak 11, larunbata
Euskal Inauteriak: Zubietatik Lasartera
16:30 Ekitalditxoa Zubietako plazan, eta kalejiraren hasiera.
17:30 Kalejira Lasarte-Orian barrena. Geldialdiak: Hipodromo etorbidea, Tajamar biribilgunea, Kale Nagusia, Largoenea kaleko biribilgunea (Arkupe tabernaren parean), Kale Nagusia eta Okendo plaza.
19:00 Amaiera, Okendo plazan: senidetzea, dantza eta suaren ekitaldia. 

Antolatzaileak: zubietarrak, Ttakun Kultur Elkartea eta Lasarte-Oriako Udala.

Otsailak 17, ostirala
Orbeldirekin, Uztaritzeko Inauteriak
19:00
Orbeldi eta Zumarterekin, Adunako Axeri dantza kiroldegitik abiatuta.
20:00 Emanaldia frontoian.

Antolatzailea: Orbeldi dantza taldea.

Otsailak 18, larunbata
Inauteri Festa
12:30 Orbeldirekin dantza frontoian! Mozorrotu eta etorri dantzara!
12:30-14:00 Joaldunak kalean zehar.
18:00 Burrunbazale txarangarekin kalejira.
23:00 Fun & Go frontoian.

Antolatzailea: NOAUA! K.E.