Zubietako erraustegia

Arantxa Tapia sailburuaren agerraldia gaur, "GuraSOSen aurka egindako akusazioei buruz"

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 14a, 07:17

GuraSOSek Zubietako erraustegiaren funtzionamenduari buruz eginiko salaketen aurka Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak eginiko adierazpenak hizpideak tarteko, Jaurlaritzaren ordezkari honen agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean Elkarrekin Podemos-IU koalizioak. 13:30etan hasiko den hitzordua zuzenean ikusteko aukera izango duzue.

Zubietako erraustegia izango dute hizpide gaur, Eusko Legebiltzarrean. Arratsaldeko 13:30ean bilduko da, Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordea. Azalpenak emateko hainbat eskari egingo dizkiote batzorde honen buru, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiari. Eguneko gai-zerrendako bigarren puntuak hain zuzen hala dio; "azalpenak emateko GuraSOS plataformaren aurka egindako akusazioei buruz". Eskaera Elkarrekin Podemos-IU koalizioak eginikoa da, aipatu Eusko Jaurlaritzaren sailburuari zuzendurikoa.

Agerraldia zuzenean ikusi ahalko duzue, esteka honetan: Eusko Legebiltzarra.

GuraSOSen salaketa "faltsutzat" jo zuen Tapiak
Elkarrekin Podemos-IU koalizioak iazko azaroan erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean, gaurko sailburu Arantxa Tapiaren agerraldi eskaera. Taldeko bozeramaile Miren Gorrotxategi Azurmendik Eusko Jaurlaritzako sailburuak GuraSOSen aurka eginiko akusazioei buruzko argibideak ematea galdegin du. Tapiak hain zuzen, "faltsutzat" jo zituen aipatu elkarteak Zubietako erraustegiaren funtzionamenduari buruz salatutako irregulartasunak, besteak beste, "Fiskaltza ikertzen ari den gainezkabide klandestinoa". Hain zuzen, "Noticias" taldeak eginiko adierazpenetan, halakorik zegoenik ukatu eta "faltsutzat" jo zituen aipatu moduan, GuraSOSen esandakoak.

Elkarrekin Podemosek udazkenean Gasteizko Legebiltzarrean tramitaturiko idatziak gogorarazi duenez, "urriaren 20an zenbait hedabideek berri eman zuten Gipuzkoako Fiskaltzak Donostiako guardiako auzitegiari Zubietako erraustegiko baimenik gabeko drainatze instalakuntza ikertzea eskatu ziola". Instalakuntza hau hain zuzen, "azken aldiko kutsadura egoeren sorburua" izan litekeela ohartarazi zuten. Horrez gain, Gipuzkoako hiriburuko aipatu epaitegiari ere "derrigorrezko baldintza teknikoak bete gabe instalakuntzaren ingurumen baimen bateratua tramitatzerakoan izandako ustezko irregulartasunak" ikertzea ere eskatu ziola.

Ikerketapean
Urteotan hedabideok jaso duguna gogora ekarri du Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin Podemos-IU koalizioak. "GuraSOSek hainbat aldiz salatu du erraustegiaren tramitazioan eta martxan jartzerakoan hainbat irregulartasun izan direla". Horren aurrean, aipatu talde politikoak azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritzak entzungorrarena egin die salaketa hauei". Orain ordea, Fiskaltza auzia ikertzen hasi den honetan, nahikoa garrantzizkotzat jotzen du "erraustegian izan daitezkeen ustezko irregulartasunak eta egoera judiziala ezagutu eta baloratu ahal izatea".

Are gehiago, gertaera hauei guztiei buruz "kontrako bi bertsio" daudenean; bat GuraSOSena, bestea Eusko Jaurlaritzako sailburuarena. Hortik dator, Elkarrekin Podemos-IU taldeak gaurko egin duen Arantxa Tapiaren agerraldi eskaera.