Eusko Legebiltzarreraino heldu zen gaia, eta gaurkoan Gipuzkoako Batzar Nagusietan mintzagaia dute.
Kutsaduraren kontrolean eta prebentzioan urratze larriak izan direla ohartarazi du berriki Ekopol EHU-ko ikerketa taldeak eginiko azterlan batek. Ekopol ikerketa taldearen agerraldia iragarri dute ostegun eguerdi honetarako Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Batzordean hain zuzen. Ikerlanari buruzko azalpenak ematekoak dira.
Haiekin batera, "Nagore Peñalva GHK-ko zuzendari teknikoaren eta IDOM Ingeniaritzako ordezkari baten agerraldia" ere iragarri dute saio berean, "Ekopolek GIG1en isuriei buruz egindako txostenari buruzko ondorioak azal ditzaten".
Agerraldiok zuzenean ikus ditzakezue ondoko esteka honetan klikatuta: Gipuzkoako Batzar Nagusiak.
Emisioen muga 2.000 aldiz gainditua
Kutsaduraren kontrolean eta prebentzioan urratze larriak izan direla adierazten dute 2020 eta 2021 urteetan Zubietako erraustegiak atmosferara egindako isurketen etengabeko neurketen inguruan dauden erregistroei buruzlp EHU-ko ikerketa taldearen azterketak. Datu kezkagarriak plazaratu ditu Gorka Buenoren txosten honek. "Probaldi fasean", hau da, 2020ko otsailetik ekainera, Ingurumen Baimen Bateratua indarrean sartu aurretik, Zubietako plantaren errausketaren lerroetako batek kutsatzaileen emisioen muga 1.390 aldiz gainditu zuen, bestean 532 aldiz. Urte hartako ekainaren 16an, Ingurumen Baimen Bateratua eraginkorra izan zen egunetik aurrera alegia, 45 aldiz gainditu ziren emisioen muga lerroetako batean, 11 bestean. Ordutik, kutsatzaileen emisio mugak 23 aldiz gainditu izan direnean, ez da berehala eten erraustegiaren jarduna, eta beraz, "araudia ez da bete".
2020ko otsailean eta martxoan gutxienez, araudiak exijitu eta proiektuan jasota zegoen "katigamendu sistemak geratu beharra du hondakinen errausketa kutsatzaileen baloreen muga 4 orduz jarraian gainditzen bada". Aste haietan, 26 orduz iraun zuen emisioen gainditzea izan zen, otsailaren 22an hasita errausketa lerroetako batean. Bestean, sei orduz jarraian gainditu zuen aipatu muga 12 aldiz. Gainditze tarte handiena "otsailaren 4an izan zen eta lau egun eta hamar ordu eta erdi iraun zuen" erraustegiaren jardunean etenik izan gabe.
Datuok agerian uzten dute txosten honen esanetan, erraustegiak ez duela "araudiak exijitzen duen eta emisio baloreen muga gainditzen denean hondakinen hornidura eteteko kontrol automatikorako sistemarik". Hala, "2020. urteko ekainetik, 23 aldiz aipatu muga gainditu bai baina "ez dute berehala eten hondakinen hornidura" eta beraz, "araudia ez da bete". Aipatu araudia 2021eko uztailean urratu zen azken aldiz, hondakinak errausteko "bi lerroetan". Halere, behin-behineko datuak izan daitezke honako hauek. "Instalakuntzak geldialdietan hornidura eteteko kontrol automatikorik ezean, hondakinak erraustu ahal izan dituenez", emisio baloreen gainditze kopurua handiagoa izan daiteke; "65ekoa 2020an eta 33koa 2021ean". Datu hauei buruzko informazio gehiago dagokion organoan eskatu arren, sarbidea ukatu zaiela diote azterlan honen egileek.
Baldintzak bete gabe
2020ko lehen seihilekoan erraustegiak "probaldi" fasean funtzionatu zuen, txosten honek dioenez, "horretarako baldintza tekniko eta legalak betetzen ez zituen arren". Urte hartako otsailetik ekainera hain zuzen, "instalakuntzaren Ingurumen Baimen Bateratua eraginkorra izan aurretik, plantak hondakinen ezohiko baldintzetan errausten zituen, ez baitzituen legeak funtzionamendu eraginkor baterako aurrez exijitutako baldintzak betetzen". Arauak ez betetze horren adibide moduan aipatzen du azterlan honek, "Ingurumen Baimen Bateratuan jasotako kutsatzaileen neurri zuzentzaile guztiak ez jartzea". Hala, azterlanak ohartarazi duenez, "emisioak handiagoak dira 2020ko ekainaren 16ko Ingurumen Baimen Bateratua eraginkorra izan aurretik, ondoren baino". Hortik ere adierazi dezake, baimen hau indarrean jarri aurreko epealdian Zubietako instalakuntza "hondakinak errausten aritu zela atmosferara isurtzeko ezinbestekoak ziren zenbait neurri zuzentzaile martxan jarri gabe".
Hortik aurrera, 2020ko bigarren seihilekoan eta 2021. urtean zehar, duen gaitasunaren erdian, %50ean erraustu zituen lehengaiak, "geldialdi askorekin". Txosten honek zehaztu duenez, "errausketa lerro bakoitzean funtzionamenduan etenaldi bat baino gehiago izan zen astero eta egun osoko geldialdi bat gutxienez hilero". Txostenak ohartarazi duenez, "funtzionamendu erregimen hau urrun dago europar araudiak defendatzen duenarekiko".
Txostena osorik (erdaraz) esteka honetan irakur dezakezue: https://ehubox.ehu.eus/s/kwBXATZG2aCkJAS