Usurbilgo Lanbide Eskolako ikasleak VEX Robotics Competitionen asteburuan

STEAM Prestakuntza osagarrian 2. mailan parte hartzen ari diren ikasleak Bartzelonan izan dira asteburu honetan VEX VRCn lehiatzen. Iaz hasi zuten STEAM ibilbidean pausu bat gehiago egin dute. 

Aurten bi talde dabiltza martxan, lehen mailan hasi berri direnak eta jada bigarren urtez jarraian dabiltzan ikasleak. Bigarren hauek Lego Spikeekin lehen urtean oinarriak landu ostean, aurten VEX robotarekin egin dute STEAM arloko jakintzen lanketa, aurten helburu berri batekin: VEX Robotics Competition lehiaketa estatalean parte hartzea. Horixe da asteburu honetan egin dutena.

 

Bartzelonan ibili dira Escola d’Enginyeria de Barcelona Esten ospatzen den lehiaketan lehen aldiz parte hartzen, lehiatzen duen Euskadiko Lanbide Heziketako lehen taldea izanik. Hala ere, espero dute ibilbide luze baten hasiera soilik izatea.

 

STEAM Prestakuntza Osagarria iaz eskaintzen hasi ziren Usurbilgo Lanbide Eskolan Innova’t Educació enpresarekin elkarlanean. Robotika oinarri hartuta matematika, fisika, ingeniaritza, ordenagailu bidezko programazioa, pentsamendu kritikoa… edukiak lantzen dituzte.