Lan-istripu larria ostiral goiz honetan, martxoaren 10ean Zubietako erraustegian. ELA sindikatuak hedabideei berri eman dienez, gaur goizeko 8:40 aldera langile bat larriki zauritu da metalezko zepak tratatzeko plantan. 26 urteko behargina bertako uhal garraitzailean harrapatua geratu da.
Ezbeharra jazo ostean, anbulantzian eraman dute Donostiako ospitalera. Informazio gehiago biltzen ari dela adierazi du ELA-k.
Sindikatu berdinetik ohartarazi dutenez, asko dira lan-istripu larriak bizi dituzten langileak. 9 dira urte hasieratik Hego Euskal Herrian hildako langileak. Irabazi ekonomikoak lehenesten dituzten "enpresen inpunitateak eta erakundeen konplizitateak" ondorio kaltegarriak dituela ohartarazi du ELA-k. Egoera horren aurrean, "enpresek segurtasun neurriak betetzen dituztela kontrolatzeko garaia da eta, horretarako, gaur egun kolapsatuta dauden Osalaneko eta Lan Ikuskaritzako plantillak bikoiztu behar dira, Europako batez bestekoarekin berdintzeko".