Ingurumen Departamentuak eta Usurbilgo Lanbide Eskolak energia berriztagarrien aldeko hitzarmena sinatu dute

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 16a, 14:28

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak eta Usurbilgo Lanbide Heziketako Zentroak hitzarmen bat sinatu dute energia aurrezteko eta energia berriztagarriei buruzko neurriak prestatzeko, zabaltzeko eta sentsibilizatzeko. Jarduera horiek guztiak garatzeko, Ingurumen Departamentuak 50.000 euro bideratuko ditu guztira.

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Usurbilgo Lanbide Heziketako Zentroko zuzendari den Isidro Zalduak hitzarmen bat sinatu dute bi entitateen arteko lankidetza-sistema bat antolatzeko, energia aurrezteko eta energia berriztagarriak eraginkortasunez erabiltzeko neurriei buruzko prestakuntzaren, zabalkundearen eta sentsibilizazioaren arloan. José Ignacio Asensio: “Beharrezkoa da energiaren ikuspegi sozial bat, non lehentasunak klima eta pobrezia eta kalteberatasun energetikoa murriztea izango diren”.

 

Jarduera-plan hau hainbat ekintza-motak osatuko dute. Alde batetik, eraikinetan energia berriztagarriei buruzko prestakuntza-ikastaro batzuk emango dituzte. Horrez gain, aerotermiadun eraikinak girotuko dituzte; bulegoetako, kiroletako eta laguntzako eraikinetako energia-kontsumoa murriztu. Gainera, jardunaldi teknikoak antolatuko dituzte foru-aldundietako eta udaletako teknikarientzat, enpresa pribatuko eta merkataritzako profesionalentzat. Gai hauek hartuko dituzte ardatz: aerotermiako sistemetan izandako ondorioak, eraikin publikoetako eguzki-instalazio fotovoltaikoen diseinua eta mantentzea, udalerriko elektromugikortasuna integratzea eta % 100 berriztagarria den jatorria duen elektrizitatea kontratatzeko gakoak.

 

Ekintza horien helburua herritarrei aipatutako arloetan ezagutza helaraztea da, energia-kontsumoa murrizten eta energia-irtenbide jasangarri berriak bilatzen saiatuta. Jarduera horiek guztiak garatzeko, Ingurumen Departamentuak 50.000 euro jarriko ditu.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, energia-eraginkortasuna eta -aurrezpena, energia berriztagarriak sustatzearekin batera, konpromiso publikoak dira. Horiei ekin behar zaie erregai fosilak erretzeak sortutako berotegi-efektuko gasen isurketa mugatzen laguntzeko, baliabide energetiko ez-berriztagarrien kontsumoa murrizteko eta energia-sistema jasangarri baterako trantsizioa bizkortzeko. 2018an, klima aldaketaren aurka borrokatzeko Gipuzkoako Estrategia onartu zen, Gipuzkoa Klima 2050. Era berean, Ingurumen Departamentuak egiaztatu du informazio eta ezagutza eskaera handia dagoela energiaren arloko gai zabal eta berrietan, bai profesional publiko eta pribatuen aldetik, bai herritarren aldetik ere oro har.

 

Ekintza horiek benetan egin ahal izateko, ezinbestekoa da eraikinen, instalazioen eta ibilgailuen energia-kudeaketarekin lotura zuzena duten eginkizunak dituzten langileen eskura jartzea energiaren arloan espezializatutako informazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-baliabideak (energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna eta energia berriztagarriak).