GuraSOSetik ohartarazi dutenez halere, gai honetan "ez da azken hitza esan". Hasteko, administrazioarekiko auzi-prozesu honen epaiaren aurka Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkeztu dezakeela gogorarazi du GuraSOSek. Horrez gain, aipatu prozesua eta penala "ezberdinak eta independenteak dira. Hala, ingurumen prebarikazioagatik akta horiek sinatu zituen ikuskatzailearen aurka zabalik dagoen prozedura penala epai kondenatzaile batekin amaitzen bada, horrek ingurumen baimenaren eraginkortasun adierazpena berrikusi edo baliogabetzea ekarriko du, delitu baten ondorioz eman izanagatik", GuraSOSek azaldu duenez.
Horregatik, "kasu honen bueltan dauden ustezko delituzko ekintzak argitzeko" zabalik den ikerketa penalean jarria du arreta eta ahalegin osoa elkarte honek. Jakitun dela baitio, "ingurumen gaiei lotutako auzi-administrazioarekiko kontrola oso mugatua dela eta justizia ingurumenaren babes eraginkorraren zerbitzura jartzeko trantsizio ekologiko urgente baten beharrean dela. Helburu horren alde ez duela egin, horren ageriko proba da ingurumenaren egungo egoera katastrofikoa".
Sakontasun falta
EAE-ko Auzitegi Nagusiak kaleratu duen epaiari dagokionean argitu nahi izan duenez gainera, "ez du aintzat hartu helegitearen onartezintasuna, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak adierazitako GuraSOSen legetimiazio faltagatik". Are gehiago, elkarte honen esanetan, auzitegiak aipatu elkarteari dagokion legitimazioa, "herri ekimenerako jarduna" aitortzen dio, "nabarmena izanik GuraSOSek eginiko aktibitatea" alor honetan.
Horrez gain, GuraSOSen esanetan, epaiak ez du gaian sakontzen. "Aspektu polemikoenei ihes egiten dio". Elkarte honek ohar bidez azaldu duenez, "demanda honekin hainbat dokumentu publiko" aurkeztu ditu. Horiek "ingurumen baimenaren eraginkortasuna adierazi aurretik, erraustegiko instalakuntzetako lanak amaitu gabe zeudela frogatzen zuten, baimen hau emateko lanok amaituta eta instalakuntzak hornituak egotea bete beharreko baldintzetako bat zenean". Aldiz, GuraSOSen esanetan "enpresak baldintzak orohar bete dituela dio" epaiak. Horren aurrean, elkartetik adierazi dutenez, "baldintzak betetzen dira edo ez. Zer esan nahi du orohar bete direla, baldintza batzuk ez direla bete?", galdetzen du GuraSOSek.