Arkaitzerrekan iazko udan izandako hondamendiaren ostean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) "Donostiako udalerrian (Gipuzkoa), Zubieta auzoan Arkaitz errekastora isurtzen duen cmg1 plataformako ibarbidearen hondoko drain-hodiaren irteerara ponpaketa-sistema bat eraikitzeko obrak" egiteko baimena eskatu zuela berri eman zuen urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Ordutik hainbat eragileek, tartean GuraSOSek, erraustegiak isuritako kutsadura Donostiako Zurriola parean itsasoratu nahi zutela salatu zuten, besteak beste, azaroa amaieran Donostiako hondartza honen parean egindako mobilizazio jendetsu baten bidez.
Gai hau albiste izan da asteotan. GuraSOSek berak berri eman duenez, erraustegitik kutsadura Loiolako araztegira eta handik itsasora desbideratzeko baimen eskaera bertan behera geratu da. "Antzeko kasuetan lehen aldiz, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak indarrik gabe utzi du, GuraSOSek aurkeztutako gora jotzeko errekurtso baten ondorioz, sail bereko sailburuordetzak Zubietako erraustegiaren (GHK) titularraren alde aldez aurretik emandako baimena, Zurriolako hondartzara ur kutsagarriak isurtzea ahalbidetuko lukeen obra bat egiteko. Baimen horrek indarra galdu du, sailburuak ez baitio erantzun aipatutako errekurtsoari, hilabeteko legezko epean, martxoaren 1ean". Egun horretatik aurrera, "erabakiren bat badago, etendura baino ezin izango da berretsi. 39/2020 Legearen 24.2 artikuluak, artikulu horren 3. apartatuan, hala ezartzen du, egintza gertatu ondorengo ebazpen espresu oro hura berresten duen ebazpena baino ezin izango dela eman adieraztean".
Hau gertatu ostean, "GuraSOSen hurrengo urratsa URA ur-agentziari jakinaraztea izan da; agentzia hori ere Arantxa Tapia buru duen sailaren mendekoa da, eta, aldi berean, proiektatutako obraren baimen hidraulikoa izapidetzen ari da, prozedura hori eten dezan".
GuraSOSen helegitearen nondik norakoak
Baimen etenaldi hau eragin duen GuraSOSen helegiteak "alegatu du isurietan eskumena duten administrazioei (URA eta Añarbeko Mankomunitatea) ez zitzaiela eskatu Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 38. artikuluak eskatzen duen nahitaezko txosten loteslea. Artikulu horrek adierazten duenez, ingurumen-baimen integratua behar duen jarduerak kolektorera isurtzeko baimena behar badu, haren titularrak nahitaezko txosten loteslea egin beharko du gehienez ere hiru hilabeteko epean. Txostenak, era berean, isurketaren ezaugarriak eta hartu beharreko neurri zuzentzaileak zehaztu behar ditu, eta hori ez da bete prozedura honetan. Artikulu horretan bertan adierazten denez, araututako txostenen arabera isurketa onartezina bada eta, ondorioz, baimena ematea eragozten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak ezezko ebazpen arrazoitua emango du, eta, beraz, ezin da errekurritutako ebazpena hartu aipatutako nahitaezko txosten loteslea jaso gabe".
Testuinguru honetan, GuraSOSek oso larritzat jotzen du Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak "administrazio eskudunaren (Añarbeko Mankomunitatea) parte-hartzea saihestu edo eragotzi izana. Beste Administrazio baten eskumenen aurkako eraso argia dela dio, kasu honetan mankomunitate batena". Horrez gain, ingurumena babestu eta zaintzeko irizpidearen guztiz aurkakoa dela irizten dio, "administrazio mankomunatuak isurketa onartezintzat jo dezakeelako eta, ondorioz, baimena ukatu".
Europar araudiak oinarrizkotzat jotzen duen ingurumen arloko arreta-printzioa ekarri du gogora GuraSOSek. Baita "Añarbeko Mankomunitatearen saneamenduei eta isurketei buruzko Erregelamendua" ere. "Oso argia da" ,dio GuraSOSek. "12.2 artikuluan isurketa-baimena eskatzen baitu hondakin-urak saneamendu-sare publikora isuri ahal izateko. Etxekoak ez diren erabiltzaileak dira, etxeko hondakin-urez edo ur beltzez gain, beren prozesutik edo jardueratik datozen bestelako hondakin-urak isurtzen dituztenak.
Besteak beste, honako hauek: "Kjeldahl guztizko nitrogenoa (NTK), Fosforo totata (P), Olioak eta koipeak (AG), Kloruroak (Cl-), Sulfatoak (SO4:), Kobrea (Cu), Kromo osoa (Cr), Merkurioa (Hg), Zinka (Zn), Kadmioa (Cd), Fenolak. Are gehiago, erregelamenduaren arabera erregelamendu horren 8. artikuluan jasotako substantzia edo hondakin toxiko eta arriskutsuak isurtzea guztiz debekatuta dago".
GuraSOSek dioenez, "Ingurumen Sailburuordetzak, bere aldetik, modu frogagarrian badaki plataformaren lurpeko uretan zinka, kromoa, kobrea, nikela eta dioxinak eta furanoak daudela, esku hartzeko balioak gainditzen dituzten mailetan. Hala jasotzen da IDOM ingeniaritzak egindako kontrol-txostenean, Gipuzkoako Ingurumen Gunean (CMG-1) lurzorua eta lurrazaleko eta lurpeko urak kontrolatzeko kanpaina izenekoan. Txosten hori Ekondakin emakidadunak egin zuen 2021eko azaroan, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi zitzaion 2022ko martxoan, IBBren Ingurumena Zaintzeko Programaren barruan. Era berean, sailburuari gogorarazten dio instalazioak aldi baterako, osorik edo zati batean, ixteko neurria hartu behar dela, bai eta Lege honetako 2. artikuluan aurreikusitako behin-behineko neurriak ere. 1/2016 LEDaren 35 artikulua, arriskua edo kaltea sortzen jarraitzea eragozten dutenak, baita zehapen-prozedura administratiboa hasteko erabakia hartu aurretik ere".