Usurbilgo Lanbide Eskolako lau kide Tanzanian izan dira bertako emakumeak eguzki-energian nola trebatzen diren ezagutzeko

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 25a, 12:44

Usurbilgo Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko lau kide eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako saileko eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako teknikari bat Barefoot College International erakundeak Tanzanian, Zanzibarren, emakumeekin dituen teknologia fotovoltaikoen proiektuak bisitatzen izan dira egunotan.

Bidaiaren helburua da eLankidetzak lagundutako energia fotovoltaikoen eta emakumeen ahalduntzearen proiektua bertatik bertara ezagutzea, eta modu horretara, hiru erakunderen arteko ekimen bat sortzea. Egun hauetan, ordezkaritza Barefoot Collegek duen formazio zentroa ezagutzen ari da. Bertan, adin nagusiko emakumeak (horietatik asko alfabetatu gabeak) eguzki-energian trebatzen dira. Horrela, beren komunitateetako erreferente bihurtzen ari dira etxeetara argia eramanda.

 

Euskal ordezkaritzak duela gutxi elektrifikatu diren komunitateak bisitatu ditu, emakume eguzki ingeniariek prestakuntza jaso eta etxera itzultzen direnean egiten duten lana hurbiletik ezagutzeko. Horrez gain, bilerak egin dituzte Zanzibarreko Ahalduntze Ekonomikorako Agentziarekin, Barefoot Collegeko ordezkaritzarekin eta proiektuetan parte hartzen duten emakumeekin. eLankidetzak bere lehentasunen artean ditu emakumeen ahalduntzeko ekimenak babestea, bai eta Afrikan eta eragile afrikarrekin oinarritutako ekintzak sustatzea ere. 

 

Era berean, euskal eragileak Hegoaldeko herrialdeetako eragileekin ezagutza trukatzen inplikatuko dituzten ekimenak garatu nahi ditu. Trukea Euskadin, urtarrilean, nazioarteko GGKEaren ordezkaritza baten bisitarekin hasi zen. eLankidetzak sustatutako trukea da, Barefoot College International erakundeari emandako zuzeneko diru-laguntza baten parte izanik. Ekimenak, gainera, energia berriztagarriekin lotutako euskal eragileen eta GGKEekin elkar trukeak biltzen ditu.

 

Trukeak aukera emango du Usurbilgo Lanbide Heziketako Ikastetxeko ikasleen inplikazioarekin lankidetza egin edo eta truke teknikoak sortzeko. Ikastetxe honek energia berriztagarrien inguruko prestakuntza eskaintzen du, hezkuntza zikloak zein ikastaroak, eta Energia Berriztagarrien sektoreko Bikaintasun zentro gisa izendatu dute Lanbide Heziketako Sare Estatalean.