Enpresetan ingurumenak duen garrantziaz jabetzeko saioa asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 27a, 13:49

Enpresetako jarduerek ingurumenean duten eraginaz hausnartzeko formazioa antolatu du Beterri-Buruntzako ekonomia eraldatzailearen sareak asteazken honetarako Usurbilgo Lanbide Eskolan. Eskualdeko kooperatiba, proiektu eta erakundeei zuzenduta dago Beterri Saretuz ekimenak antolatutako saioa eta izena emateko epea zabalik dago oraindik.

Formazioa martxoaren 29an izango da, asteazkenarekin, Usurbilgo Lanbide Eskolan, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Saioa Isladak aholkularitza kooperatibako Aiala Zubietak gidatuko du. “Noizbait pentsatu al duzu gure enpresa edo erakundeek nola eragiten duten alderdi horietan guztietan? Askotan uste izan da ingurumenean inpaktu negatiboa soilik munduko enpresa handiek sortzen dutela, baina guztien jarduteak; enpresa handi zein txiki, industrial zein zerbitzuetakoak, eragin dezake ingurumenean”, azaldu dute antolatzaileek.

 

Beterri Saretuz ekimenak formazio saioa eskainiko die eskualdeko kooperatiba, enpresa eta proiektuei, ekonomia eraldatzailean sakontzeko aurtengo zikloaren barruan: ingurumena enpresen iraunkortasunaren parte. Biodibertsitatearen galerak, airearen kalitateak eta klima aldaketak enpresetan izan dezaketen eraginaz eta, enpresa jarduerek duten inpaktuaz hitz egingo dute bertan.

 

Formazio saioaren ostean, bisita gidatua ere eskainiko du Beterri Saretuzek: Usurbilgo Lanbide Eskolako instalazio fotovoltaikoa ezagutzeko aukera izango da 13:00etatik 13:30etara. “Instalazio guztia agerian duen bakarrenetakoa da eta dena ikusi ahal izango dugu”, esan dute. Formazioan izena emateko aukera zabalik dago oraindik eta Beterri Saretuzen webgunean egin daiteke.

 

Beterri-Buruntzako ekonomia eraldatzailearen sareak antolatzen duen aurtengo hirugarren eta azken formazio saioa izango da. Aurretik, entzute metodologia nola garatu eta enpresetan berdintasuna nola landu aztertzeko saio bana egin dira, Andoainen eta Hernanin. Beterri Saretuzek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso zuen saio hauek guztiak antolatzeko.

 

Informazio gehiagorako:

Webgunea: Beterrisaretuz.eus

E-maila: info@beterrisaretuz.eus / beterrisaretuz@gmail.com

Twitter: @BeterriSaretuz

Kontaktuak: Uxune Alustiza (Emun) 943 711 847