#M28

Zubietako Herri Batzar berria osatzeko deialdia sinatu dute

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 31a, 13:13

Udal eta foru hauteskundeak izango diren egun berean, maiatzaren 28an, Herri Batzar berria osatzeko aukera izango dute Zubietan helbideratuak daudenek.

Orain bai, maiatzaren 28ko hauteskundeetarako atzera kontaketa betean gara. Hilabete horretako azken igandea bozketa eguna izango dugu inguruotan; udal eta foru hauteskundeak batetik. Zubietarren kasuan, gainera, Herri Batzar berriaren osaera erabaki ahalko dute. 1996tik geiten duten moduan. Urte hartan, gogoan izan, "Usurbilgo eta Donostiako Udalek beren Organoen Araudietan “Zubietako Administrazio Organo Osagarria” onartu zuten, lurralde honen ezaugarri bereziak kontuan izanda".

Bozketarako leku berria
Udal eta foru hauteskundeei lotutako hauteskundeen deialdia datorren aste hasieran plazaratuko dute. Lehenago, ostegun honetan, martxoaren 30ean, Herri Batzar berria osatzeko deialdi bateratua sinatu dute Usurbilgo eta Donostiako alkate, Agurtzane Solaberrieta Mesak eta Eneko Goiak hurrenez hurren. Atzo sinatutakoa gaur eman dute ezagutzera. Horrekin batera, hauteskunde prozesu honi begirako xehetasunak ere plazaratu dituzte. Gogoan izan, sei dira Zubietako Herri Batzarra osa dezaketen kideak; hiru Usurbil aldekoak, beste hiru Donostia aldekoak, "guztiak Zubietan helbideratutakoak". 

Aipatu moduan, udal eta foru hauteskundeen egun berean, maiatzaren 28an, eta ordutegi berean, 9:00-20:00 artean, bozkatu ahalko dituzte Herri Batzar berria osatzeko deialdira aurkezturiko hautagaiak. Baina leku berri batean; orain arte Alamandegin kokatzen zuten bozketarako gunea. Aurten, Kaxkapera joan beharko da. Bertan, dagokion udalerriko botu txartelean agertuko den hautagai zerrendatik "hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu".


Zubietako Herri Batzarra osatzeko deialdia
Eguna: maiatzak 28, igandea.
Ordutegia: 9:00-20:00.
Tokia: Zubietako Kaxkape. 
Zehaztasunak: 2023-27 urte arterako Herri Batzar berria osatzeko bozketa eguna Zubietan. Bertan helbideratuak dauden Usurbilgo eta Donostiako hiruna hautagaiek osatzen dute erakunde hau. 
Bozketarako mekanika: "Udal bakoitzak botu-txartel bakarra argitaratuko du. Botu-txartelak aldarrikatutako hautagai guztien zerrenda jasoko du eta hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu. Hautesleek gehien aukeratutako hiru hautagaiak izango dira batzarkide".
Egutegia:
-Maiatzak 2-10 (biak barne): Hautagaiak aurkezteko epea. Zubietan helbideratua dagoen edozein hautesle izan daiteke hautagai. Hautagaiek idatziz jakinaraziko
diote beren nahia dagokion Udalari. 
-Maiatzak 9: Mahaia osatzeko zozketa egingo da.
-Maiatzak 11: Hautagaien aldarrikapena.
-Maiatzak 22: Aurrez botoa emateko aukera. Usurbilgo Udaleko Idazkaritzan, goizeko
08:00etatik 14:30etara.
-Maiatzak 28: Hauteskunde eguna. Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Kaxkapen.

Herri Batzarraren funtzioak:
1. Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2. Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
3. Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren
proposamen zehatzak egitea.
4. Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5. Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6. Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.