Zubietako erraustegia

Erraustegira martxa deitu dute

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 21a, 12:48
Argazkia: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Iaz bezala, Lasarte-Oriatik Zubietako erraustegira martxa antolatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak apirilaren 29rako.

"Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen" aldarripean Zubietako plantara martxa iragarri du azken orduotan Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Ostegun arratsaldean Zubietan bilduta, ondoko talde argazkia atera zuten deitzaileek, hitzorduko kartela eskuartean zutela. Apirilaren 29rako deitu duten martxa goizeko 11:00etan abiatuko da Lasarte-Oriako Okendo plazatik. Iaz ere ibilbide horixe osatu zuten. 

Erraustegiak Arkaitzerrekan eragindako kaltea, ToxicoWatch fundazioaren azterlanak ohartarazitako kutsadura, Ekopol EHU-ko ikerketa taldeak erraustegiaren gehienezko kutsadura muga bi mila aldiz gainditu izana... . Zubietako erraustegiari lotutako hamaika albiste kezkagarri izan dira azken hilabeteotan. Gertaera horien guztien salaketa eraman nahi dute martxaren deitzaileek eta ekimenera batuko diren herritarrek errausketaren zero guneraino hilaren 29an.

Atzo, mobilizazioa iragartzeko atera zuten talde argazkiaren ostean, datozen egunotan xehetasun gehiagoren berri ematekoak dira antolatzaileak.