#M28

Maiatzaren 2tik aurrera aurkeztu ahalko dira Zubietako Herri Batzar berria osatzeko hautagaiak

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 26a, 10:56

Udal eta foru hauteskundeekin batera, Herri Batzar berria osatzeko bozketa eguna izango dute maiatzaren 28an Zubietan. Hilaren 2an irekiko dute hautagaiak aurkezteko epea.

Asteazken goiz honetan eman dituzte ezagutzera, datozen maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztu diren hautagai-zerrendak. Gogoan izan, egun berean, Herri Batzar berria osatzeko bozketa eguna izango dutela baita Zubietan. Kasu honetan oraindik ez; oraindik hautagai-zerrenda ez da ezagutzera emango. Datorren maiatzaren 2an irekiko dute hautagaiak aurkezteko epea. "Zubietan helbideratua dagoen edozein hautesle izan daiteke hautagai. Hautagaiek idatziz jakinaraziko diote beren nahia dagokion Udalari". Izan Usurbilgoari baldin eta Usurbilgo lurretan bizi bada, edo Donostiakori, hiriburuko lurretan biziz gero. Bateko zein besteko hiruna kideek osatu ahalko dute Herri Batzar berria.

Bozketarako leku berria
Martxoaren 30ean, Herri Batzar berria osatzeko hautekundeen deialdi bateratua sinatu zuten Usurbilgo eta Donostiako alkate, Agurtzane Solaberrieta Mesak eta Eneko Goiak hurrenez hurren. Horrekin batera, hauteskunde prozesu honi begirako xehetasunak ere plazaratu dituzte. Berrikuntza bat aurtengoan; orain arte Alamandegira joan behar izaten zuten bozkatzera. Datorren maiatzaren 28an, Kaxkapen kokatuko dute bozkatzeko tokia. Bertan, dagokion udalerriko botu txartelean agertuko den hautagai zerrendatik "hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu".


Zubietako Herri Batzarra osatzeko deialdia
Eguna: maiatzak 28, igandea.
Ordutegia: 9:00-20:00.
Tokia: Zubietako Kaxkape. 
Zehaztasunak: 2023-27 urte arterako Herri Batzar berria osatzeko bozketa eguna Zubietan. Bertan helbideratuak dauden Usurbilgo eta Donostiako hiruna hautagaiek osatzen dute erakunde hau. 
Bozketarako mekanika: "Udal bakoitzak botu-txartel bakarra argitaratuko du. Botu-txartelak aldarrikatutako hautagai guztien zerrenda jasoko du eta hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu. Hautesleek gehien aukeratutako hiru hautagaiak izango dira batzarkide".
Egutegia:
-Maiatzak 2-10 (biak barne): Hautagaiak aurkezteko epea. Zubietan helbideratua dagoen edozein hautesle izan daiteke hautagai. Hautagaiek idatziz jakinaraziko diote beren nahia dagokion Udalari. 
-Maiatzak 9: Mahaia osatzeko zozketa egingo da.
-Maiatzak 11: Hautagaien aldarrikapena.
-Maiatzak 22: Aurrez botoa emateko aukera. Usurbilgo Udaleko Idazkaritzan, goizeko
08:00etatik 14:30etara.
-Maiatzak 28: Hauteskunde eguna. Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Kaxkapen.

Herri Batzarraren funtzioak:
1. Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2. Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
3. Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren
proposamen zehatzak egitea.
4. Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5. Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6. Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.