Enegarren matxura Zubietako erraustegian. GuraSOSen esanetan, argindarra sortzeko sistemak huts egin du eta aste eta erdi baino gehiago darama plantak jarduna etenda. "Hamar egun baino gehiago dira erraustegia geldirik dagoela eta zaborra pilatzen ari dela, instalazioetan tratatu gabe". Antza, apirilaren 17az geroztik erraustegia ez dabil lanean, "ez baitu funtzionatzen 2018an eraiki eta 2020ko udan instalatutako Siemens turbogeneradoreak, elektrizitate sorkuntza burutzen duena, ezta ere generadorearen interkonexio-gelaxkek, nahiz eta ziurrenik denbora gehiago daraman geldirik. GuraSOSek eskuragarri dauden datu publiko apurren jarraipena egiten du, besteak beste, GHKren web orria, azken honek eguneroko partea igortzen badu ere, hurrengo egunekoarekin automatikoki ezabatzen du. Egun batzuetan agertzen da ez dagoela hondakinik bi lerroetako bakar batean ere. Horrek alarma piztu du, eta hainbat iturri kontsultatu ostean, GuraSOSek baieztatu ahal izan du turbo-sorkuntza elektrikoak huts egin duela".
Beste huts egite bat
GuraSOSen esanetan, matxuratzea falta zen elementu bakarra da sorgailuarena. "Lehenik eta behin, labe-galdarak izan ziren (bi errausketa-lineak), homologaziorik ez zuten eta programatu gabeko geldialdi etengabeak jasan zituztenak. Huts egindako bigarren alderdia transformazio elektrikoarena izan zen, etengabeko gorabeherek izan zituen, eta azkenean, behin betiko erretze bat gertatu zen eta transformadore nagusi osoa aldatu behar izan zen; honen errefrigerazio sistemak ziurtasun baino zalantza gehiago sortzen ditu".
Hori gutxi ez eta, "gasak arazteko sistemak ere huts egin zuen, lehorra izan behar zuen, eta martxan jarri zenetik efluente handi bat sortu zuen. Efluente hori Donostiako 4. eta 5. instrukzio-epaitegietan delitu gisa ikertzen ari diren purga klandestino batekin “konpondu” zen. Gasen arazketak zeresan handia eman du, halaber, gas kutsagarrien ordu-erdiko isurketen muga-balioak gainditu direlako. Huts egin duen laugarren elementua instalazioen estankotasuna da, GHK-k berak aitortu baitu gutxienez bi puntutan hautsita dagoela duela urtebete ezkeroztik, eta orain arte ez dela konpondu. Beraz, instalazioak etengabe ari dira kanpora lixibiatu kutsatzaileak isurtzen, eta hori ere ikerketa judizialaren pean dago, ingurumen-delitua izan daitekeelakoan. Orain elektrizitate sorkuntzak huts egin du. Beste era batera esanda, ez dago behar bezala funtzionatzen duen instalazio moderno eta seguruaren elementurik. Lardaskeria handia da, iruzur galanta".
Lehenago gertatu izan den moduan, argitzeke dauden zalantza eta galdera bat baino gehiago plazaratu ditu aipatu elkarteak. "Ez dakigu noiz arte egongo den geldirik, ezta matxuraren dimentsioa ere. Ez dakigu zer egingo den egunero iristen diren hondakinekin erraustegia konpondu eta berriro martxan jarri bitartean. Nora eramateko asmoa dute GHK-k eta Foru Aldundiak? Zalantza asko daude, eta informaziorik ez, hain zuzen ere GHK-k eta Foru Aldundiak iluntasunean jarraitzen dutelako eta eragin larri hori iritzi publikoari eta mankomunitateei eta udalei ezkutatu dietelako".
"Azalpenak eskatzen ditugu, orain!!"
Egoera honetan segitzea jasanezintzat jotzen du GuraSOSek. "Instalazioak ezin du egun bat gehiago funtzionatu baldintza hauetan. Ezinbestekoa da horien kontrol demokratikoa ezartzea, gizarte zibilaren parte-hartzearekin". Are gehiago, "opakutasuna, gardentasun falta, sekretismoa eta propaganda jasanezinak dira. Azalpenak eskatzen ditugu, orain!! Hasteko, azaldu zergatik ez zaien informazioa eman kalteturiko herritarrei eta erakundeei (Udalak)".
Eskabideokin bat egitea eskatzen diete "hondakinak kudeatzeko eskumenaren jatorrizko titularrak diren udalei. Haiei galdegiten diete, "esku har dezatela eta gardentasuna eta parte-hartzea eska dezatela. Partzuergoaren formulak ez du funtzionatzen. Hori ez dagokio sistema demokratiko bati".
Balorizazio energetikorik ez
Matxura hauen harira, lehendik eginiko salaketa ekarri du gogora GuraSOSek. "Aurreko urtean 55.092,4 MW isuri zituela elektrizitate-sarera urtean/orduko, hau da, agindu zituen 160.000 MWen herena. Horren ondorioz, elkarte horrek baieztatu du ez dagoela balorizazio energetikorik, errausketa hutsa baizik. Energia sortzeko, energia sortu behar da, eta, hala ez bada, aurrekaririk gabeko porrota da proiektua, legez kanpokoa izateaz gain".
Horren harira, EHU-ko Ekopol ikerketa taldeko kide Gorka Buenok argitaratu duen artikulu zientifikoak ondorioztatutakoa nabarmendu du GuraSOSek. "Ondorioa irmoa da, ez Zubietako erraustegiaren kudeatzaileak (Ekondakin SA) ez IBBren titularrak (GHK) ez dute bete eraginkortasun energetikoaren balioa ezartzeko legezko betebeharra, ez eta instalazioa balorizazio energetikoko R1 eragiketa gisa sailkatzeko betebeharra ere. Horretarako, kanpotik egiaztatutako txosten bat erantsi dute, errauste-lerro bakoitzerako eraginkortasun energetikoaren balioa, egindako kalkulua eta hori egiaztatzeko behar den informazio gehigarria adierazten dituena, Europako Batzordeak argitaratutako gidan ezarritako jarraibideei jarraituz. Gida horren arabera, instalazio berrietarako, “onarpen froga” sakon bat aurkeztu behar da, honekin, kalderaren errendimendua zehaztea lortzen da zerbitzuan jarri eta gero; ondoren, urteko operazioen kalkulo bat egin behar izaten da urte betez ohiko funtzionamenduan aritu ondoren".
GuraSOSen esanetan, "horren ondorioz, Ingurumen Administrazioak ez ditu kalkulu horiek egiaztatu eta egiaztatzeko beharrezko kontrolak egin. Era berean, organo eskudunak ez dio instalazioari jakinarazi eraginkortasun energetikoaren balioa, eta instalazioaren eragiketa ez da R1 balorizazio energetikotzat jo. Horrek D10 ezabatze-eragiketatzat edo baimendu gabeko errausketa-eragiketatzat hartzea ekarriko luke".