Erraustegia guztiona den lurra, ura, airea... kutsatzen ari dela ohartarazi dute. Aldarri horrekin abiatu du goizeko hamaiketan, Errausketaren Aurkako Mugimenduak larunbat honetarako iragarria zuen martxa, Lasarte-Oriako Okendo plazatik. Udalerriko Kale Nagusia zeharkatu du. Errausketaren aurkako oihuak, bizi dugun egoeraren aurrean esnatzeko deia, eta Zubieta gaineko planta eragiten ari den kutsadura salatu dute. Baita Bugati ingurutik gora, errausketaren "zero gunera" bidean ere.
Hain zuzen, hondakinak erraustearen eragina pairatzen ari den udalerrietako bat eta kutsadura honen sorburua lotu ditu martxak eta bertan batu diren herritarrek; tartean ziren hainbat zubietar eta usurbildar ere. Baita mobilizazio ibiltari hau babestu duten Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek ere. Sortzen duten kutsaduragatik Zubietakoa eta gainerako erraustegiak ixtea exijitu diete agintariei.