Erraustegiaren errealitate kutsatzailea agerian utzi eta geratzea helburu zuen martxa egin dute larunbat goizean Lasarte-Oriako Okendo plazatik Zubietako plantara, "Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen" aldarripean. Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitutako hitzordua, hain zuzen, hesitua eta Ertzaintzaren zaintzapean zuten sarbidean amaitu behar izan dute, aipatu udalerriko kale nagusiak, Bugati edota Eskuzaitzeta inguruak zeharkatu dituen mobilizazioa, duela urtebete, 2022ko maiatzean egindako martxa bukatu zuten gune berean hain zuzen.
Urtebete honetan, egoera askorik ez dela aldatu adierazi dute antolatzaileek. "Aurtengo martxaren deialdiari honako leloa jarri diogu: "Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen". Iaz, 2022ko maiatzaren 14an, hementxe bertan galdera hau utzi genuen airean: "Donostiako erraustegiaz... zer ez digute esaten?". Salatu genuen, bai erraustegiaren arduradunek eta bai herritarron eta ingurumenaren osasunaren ardura duten agintari politikoek ezkutuan eta isilpean gorde nahi dituztela hemen gertatzen ari diren kalteak. Erraustegiaren arduradun eta propagandistek berdin segi dute geroztik, baina hilabeteotan argitara ateratzen joan dira ezkutatutako egia deseroso batzuk".
Esaterako, Arkaitzerrekan jazotakoa. Erreka bera eta "bertako arrain eta beste bizidunak, horiek izan dira erraustegiaren lehen biktima ezagunak. Eskandalua begi bistakoa izan arren, 2022ko udaz geroztik Arkaitzerrekak etengabe jarraitu du ur kutsatua ematen. GHK-k publikoki ukatzen segi du bere ardura denik. Baina geroztik jakin da, GHK-k bere barne batzarrean aitortzen duela guk salatutako isuri horiek badaudela eta Ekondakin kontratari zigor espedientea ireki diola. Zubietako erraustegia hasieratik gau arte kutsatzen ari da inguruko hainbat lurzoru, ur eta landareak".
Ebidentziak ukatzen
Horri guztiari buruzko datuak jaso eta hedatu dituela gogorarazi du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. "Pozoiketa honen datu zehatzak lortu eta zabaldu ditugu hilabeteotan. Horren froga garbiak daude, alde batetik, Herbehereetako ToxicoWatch fundazioak 2021eko laginekin egindako azterketan, eta bestetik, GHK-k berak, erraustegiaren jabeak urtero Eusko Jaurlaritzari aurkeztu beharreko ingurumen zaintzako programaren barruan, IDOM eta SGS konpainiek egindako beste bi azterlanetan". Horrez gain, "joan den otsailean beste azterketa bat argitaratu du Ekopol elkarteak, erakutsiz Zubietako erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuela gehienezko kutsadura muga 2020an. Datu eta informazio kezkagarri franko bada Ekopolen azterketa horretan; erraustegia martxan jartzeko operazioak legez kanpo egin zituztela, lehen bi urteetan programatu gabeko 240 geldialdi izan zituela, zaborrak erre izan dituztela keak eta gasak filtratu gabe, Zubietako instalazioek ez daukatela legeak eskatzen duen kontrol automatikorik kutsadura handiegia denean labeak geldiarazteko...".
Agintariek ordea, datuok ukatzen segitzen dutela salatu dute gaurko martxa amaieran. "Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako azpiegituretako sailburuak Eusko Legebiltzarrean aitortu du, Zubietako erraustegiak ez dituela betetzen Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimen bateratuak eskatzen dituen baldintza guztiak, baina inolako neurririk ez du hartu. Gipuzkoako Foru aldundiak bezala, Eusko Jaurlaritzak ezikusia egiten baitiote Zubietan gertatzen ari den desastreari. GHK-ko arduradunek berriz, lotsagabe esan dute bai Errausketaren Aurkako Mugimendua eta bai ToxicoWatch fundazioko zientzialariak herritarren artean alarma sortu nahian ari garela eta saiatu dira ikerlarien izen ona zikintzen", salatu dute gaur.
Parisetik alarma mezua
Gogoan izan dituzte Zubietakoa bezalako planta kutsakorren eraginpean diren beste hainbat zonalde. "Zubietako erraustegiaren atarian gaude berriro ere, agintariei exijitzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez Urretxu-Zumarragan". Azken udalerriotan "beste erraustegi berri baten kontra mobilizatzen ari diren herritarrei gure besarkada solidarioa" helarazi diete.
Urrunago, Frantziako hiriburutik heldutako beste albiste kezkagarria ere ahotan hartu dute. Parisko erraustegi handi baten eraginez, bertako agintariek "herritarrei eskatu diete ez jateko haien etxeetako oiloen arrautzak". Honela azaldu dute, Zubietako plantarako sarbidean, Errausketaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek. "Errausketaren kontrako militanteek eskatu eta ordainduta hango erraustegi erraldoi baten azterketa egin zuen ToxicoWatch fundazioak. Parisko agintariek datuekin kezkatuta, bigarren azterketa zabalago bat agindu zuten. Orain, horren emaitzek berretsi dutenean zein zabala den pozoiketa, agintariek herritarrei eskatu diete ez jateko beren etxeetako oiloen arrautzak".
Hainbeste datu kezkagarriren aurrean, gaurko martxaren deitzaileek "garbi esan nahi dugu hori ez dela konponbidea. Erraustegiek sortutako kutsadura konpontzeko erraustegiak itxi behar dira. Ez bota kutsaduraren zama berriro ere herritarren bizkarrera. Aire, lur, ur eta janari garbi eta osasuntsuak nahi ditugu. Bizitzeko moduko mundu bat utzi nahi diegu gure ondorengo haur eta gazteei".