Ostalaritzako goi-mailako lehen ziklo publikoa eskainiko du Zubietako Lanbide Eskolak datorren ikasturtetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 10a, 15:18

Maiatzaren 8an hasi da 2023/24 ikasturteko Lanbide Heziketako aurrematrikula aldia eta maiatzaren 26ra arte luzatuko da. Aurtengo eskaintzan, urte luzeetako ibilbidea duten zikloez gain, Usurbilgo Lanbide Eskolak hainbat berrikuntza gehitu ditu eskaintzan. Orain arteko bost familia profesionalei, Informatika eta Ostalaritza familiak gehitu dizkiete. Goi-mailako 3 ziklo berri dituzte eskaintzan: Web Aplikazioen Garapena, eta Plataforma-Anitzetako Aplikazioen Garapena informatika arloan; eta Jatetxe Zerbitzuetako Zuzendaritza ostalaritzan.

Ostalaritzako lehen goi-mailako ikasketa publikoak izango dira Gipuzkoan. Beste lurraldeetan ez bezala, Gipuzkoan orain arte sare publikoan ez da eskaini alor honetako ez erdi-, ez goi-mailako ziklorik, beraz arlo hauetan prestakuntza jaso nahi izan duten ikasleek sare pribatura edota beste lurralde batera jo behar izan dute.  Oinarrizko Lanbide Heziketan bada eskaintza publikoa, hain zuzen Usurbil eta Pasaian, eta ibilbide horri eman nahi dio jarraipena eskaintza berriak.

 

Sukaldariak eta zerbitzariak badira ere ostalaritzan orokorrean ofizio ezagunenak, askoz ere zabalagoa da sektore honen lan esparrua. Zubietan eskainiko den zikloak jatetxe baten kudeaketa du helburu: bezeroen arreta, menuen elaborazioa, maître eta sommelier lanak, hornitzaileen kudeaketa… jatetxe baten martxa egokia bermatzeko behar diren gaitasunen lanketa, azken batean. Sare publikoa hornitzeko menu berria, baina orain arteko sustraiak galdu gabe, erronketan oinarritutako prestakuntza, talde lana eta gaitasun pertsonal eta profesionalen garapena bilatzen du. 

 

Informazio gehiago www.lhusurbil.eus web orrian edota 943 364 600 telefono zenbakian.