Ibaian gorago botatako euri-jasak Orian behera

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 20a, 17:14

Gurean euririk egin ez duen arren, Oria maila horiraino heldu da azken orduotan ibaian gorago izan diren euri-jasengatik.

Irudi ikusgarriak jaso dituzte Beran edota Ereñotzu aldean goizaldean izan diren euri-jasek. "Prezipitazio handiagatik" abisu horian izan gara gau osoan geure inguruan ere larunbat goizeko 9:00ak arte. Euri tanta bakar bat ere ez dugu ikusi ordea.

Halere, begira nola zetorren larunbat honetan 14:00ak pasatxoan Oria ibaia. Ordu horren bueltan maila horiraino heldu da, Euskalmet meteorologia agentziak Usurbildik gertuen, Lasarten duen estazioak bildutako datuen arabera. Segidan duzuen grafikoan argi ikus dezakezue. Goizaldeko 7:20ak arte maila baxuan mantendu da Oria, ordutik gorantz egin du ur-emariak. 14:00ak aldera marra horia gainditu du, baina 15:00ak aldera murrizten hasi da udalerri hau zeharkatzen duen ibaiak zeraman ur kopurua. 17:00ak aldera maila horiaren azpitik zen berriz.

Aipatu moduan, gorabehera hauek Usurbilen euri tantarik bota gabe gertatu dira, prezipitazioak ugariak izan baitira ibaian gorago, Leitzaran aldean besteak beste. Han botatakoak Oriak dakartza orduotan itsasorantz.



Egunotarako giro goibela
Datozen orduotan, Usurbilen, "arratsaldean tarteka hodeitsu" egongo da zerua, Euskalmet-en arabera. "Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin bereziki arratsaldean. Tenperaturan, aldaketarik ez".

Igandean 40. Sagardo Eguna ospatuko dugu. "Zerua hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak, bereziki egunaren lehen partean. Goizaldean mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da eta goizean ipar-mendebaldetik finkatuko da; bolada gogorrak izango dira. Tenperatura gutxi igoko da".

Biharamunean, hilaren 22an, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txikiak botako ditu. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, egunaren lehenengo partean bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi igoko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus