#M28

Zubietako Herri Batzarra ere, legealdi aldaketa betean

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 26a, 20:43

Udal eta foru hauteskundeekin batera, Zubietako Herri Batzarra osatzeko bozketa eguna izango da igande hau, maiatzaren 28a. Dagoeneko osatu dute hurrengo legealdirako hautagai taldea. Usurbil aldetik, Josune Iparragirre Tolaretxipi eta Haritz Arrizabalaga Garmendia aurkeztu dira. Donostia aldetik Maider Izagirre Txoperena, Jon Andoni Arroyo Arozena eta Nekane Zaldua Iturrioz. Arroyok eta Arrizabalagak bigarren legealdia izango dute, gainerako hiru kideak estreinakoz aurkeztu dira deialdi honetara.

NOAUA Nola iritsi zarete legealdi bukaerara?
Haritz Arrizabalaga: Sentsazio gazi-gozoa geratu zait. Ilusio handiarekin sartu ginen, herrian zerbait egiteko erantzukizunarekin, baina kosta zitzaigun martxa hartzea, taldea erabat berria baitzen. Gainera, segituan pandemiak harrapatu gintuen.

Pandemiak baldintzatutako legealdia izan da argi denez.
H.A.: Horrek gauzak egiteko gogo edo ilusio hori frenatu egin zuen eta hala joan zaizkigu legealdiko bi urte oso. Sentsazioa da gehiago egiteko asmoa genuela, edo ilusioa behintzat, baina ezintasun sentsazio hori izan dugu. Gauza gehiago egin ahal izateko esperantzarekin ekin nahi diogu legealdi berriari.
Jon Arroyo: Frenatutako ilusio hori berpiztu eta aurrera egiteko erronka berriei heldu nahi diegu.

Nola gogoratzen duzue pandemia garaiko Zubieta?
H.A.: 2019ko irailean hasi ginen. Urte bukaera hartan lehen ez genuen aholkularia hasi zen gurekin lanean; Inaxio Usarralde. Asko lagundu zigun gure erronkak bideratzen. Kasu honetan ere, administratiboki bitan zatitua egoteak eragin zigun. Irtetea baimentzen hasi zirenean, egoera kafkianoa bizi izan genuen. Biztanleriaren kopuruaren arabera Usurbil aldeko zubietarrak irten zitezkeen, Donostia aldekoak ez. Hasieratik saiatu ginen onartu zezaten Zubieta 500 biztanleko herri bezala. Baina kasu berezi horretan ere ez zuten onartu Zubieta herri bateratu gisa.

Administratiboki bi udalerrietan zatitua egoteak dakarrenaren adibide argia zalantzarik gabe. Aurreko legealdi amaieran, hitzarmen bat adostu zuen Herri Batzarrak bi udalekin, zerbitzuen koordinazioa hobetzeko, besteak beste. Zer garapen izan du urteotan?
H.A.: Historikoki kaotikoa izan da gai hau. Farola bat matxuratzen zenean ez zenekien nora deitu. Hitzarmen honek onura asko ekarri ditu. Nolabait, udal bakoitzak bere gain hartzen dituen ardurak banatu dira.

Zatiketa hau gainditzeak erronka izaten segitzen du, Batzar Nagusietara egin zenuten bisitan argi geratu zen moduan.
J.A.: Gipuzkoako Batzar Nagusietatik jaso genuen deia, tokiko entitate txikien araudia aldatu nahi zutela esanez. Zubieta hortik kanpo zegoela ikusi zuten. Araudi horrek zioen auzoak udalerri batekoa izan behar duela, baina Zubieta Gipuzkoan eta Euskal Herrian bi udalerrien artean zatitua dagoen bakarra da. Kasu hau ez dute aurreikusia. Horregatik, araudi horretan Zubieta nola txertatu, araudia aldatzeko prozesu horretan deitu gintuzten. Joan ginen. Bertan, batzarkide batek galdetu zigun ea ba ote genekien zein zen herriaren nahia. Bi galdeketa egin dira Zubietan; bat 1986an Lasarte herri bilakatu zenean eta 2017an Gure Eskuk antolatutakoa. Tokiko entitate txikien araudia aldatuz gero, biztanle kopuruaren baldintza bete eta herrian galdeketa egin genezake.

Pandemiak Zubietan eragindako geldialdia aipatu duzue lehen. Baina garai hark ekarri zuen lanketa interesgarririk ere; Usurbilgo Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren testuinguruan egin zen “Eta Zubietan zer?” prozesua. Zer balantze egin dezakezue saio haietaz?
H.A.: Hasieratik asko eskertu genuen prozesu hau egitea eta horretarako gu kontuan hartzea. Azkenean, hiru entitate inplikatuak parte hartu genuen (Herri Batzarrak zein Usurbil eta Donostiako udalek) eta oso interesgarria egin zaigu ere herriaren diagnosi bat egin eta etorkizuna marrazteko, herritarrek Zubietarekiko dituzten nahiak ezagutzeko. Parte hartze nahiko txukuna izan zen. Gai asko jorratu ziren: mugikortasun aktiboa, tokiko produktuen sustapena, energiaren gaia, etxebizitzak...


“Ekarpenen bat egin nahi duenak, Herri Batzarra entzuteko prest egongo da beti”
NOAUA! Zubietak baditu hainbat herri eragile, elkarte. Pandemiak baldintzaturiko legealdi honetan nolakoa izan da herri bizitza?
Haritz Arrizabalaga: Legealdiko erronken artean, herriko taldeen arteko kohesioa sustatzea finkatu genuen, herri giroa bultzatzea. Egia da pandemiak frenatu zuela baina erronka horrek hor jarraitzen du. Datorren taldeak ere buruan du helburu hau.
Jon Arroyo: Horri lotuta, haurrak Eskola Txikiko ibilbidea amaituta, Usurbilera edo Landaberrira doaz ikastera, eskolaz kanpoko ekintzak ere han egiten dituzte. Horrek arratsaldeetan gazteak Zubietatik atera egiten ditu. 

Belaunaldi berria nola lotu herrira, hor beste erronka ezta?
H.A.: Zubietako eskolatik atera eta ikastetxe handiagora joaten direnean bizitza han egiten hasten dira. Gaztetan Lasarten edo Usurbilen egiten dute kuadrilla. Ondorioz, geroz eta bi
zitza gutxiago egiten dute Zubietan. Landu nahi genukeen gaia da.

Kaxkape beste berrikuntzetako bat, herriari irekitzeko egin duzuen apustua.
H.A.: Erronka dugun kultur-etxea izan bitartean, Zubietan jendea gustura egoteko bilgune bila, Kaxkape jendeari irekitzea pentsatu genuen. Herritar guztientzat txoko goxo bat izaten saiatu gara. Legealdi honetan kudeaketa hobea izan dadin saiatu nahi dugu.
J.A.: Orain arte gazteek erabili izan dute gehien. Pilota partidak, filmak ikusteko elkartzen dira, proiektorea dagoela baliatuta. Bestalde, Herri Batzarraren berri emateko sare sozialak ere jarri genituen martxan. 

Bide batez, Kaxkape aipatu dugunez, bertan kokatuko da estreinakoz, Herri Batzarra berritzeko maiatzaren 28ko bozketa eguneko hauteslekua. Zergatik aldaketa hau?
J.A.: Beti egin izan da Herri Batzarreko aretoan, Alamandegin. Bozkatzeko erraztasunak emateko, bozkatzerakoan irisgarritasuna bermatzeko egin da leku aldaketa.
H.A.: Maiatzaren 28ko bozketatik osatuko da Herri Batzar berria. Herri batzarrak aukeratuko du bere alkatea.

Lau urteotako herritarrak bidelagun izan nahiko dituzue aurrerantzean ere?
J.A.: Ekarpenen bat egin nahi duenak Herri Batzarra entzuteko prest egongo da. Eskerrak eman aurreko Herri Batzarrari, orain arteko lan taldeari eta bereziki Inaxio Usarralderi. Zubietan erroldatua egon gabe, egin duen lanagatik. Guretzako seigarren batzarkidea izan da.

Hiru hautagai berri

NOAUA! Zerk animatu zaituzte Herri Batzarreko kide izatera?
Nekane Zaldua: Beti ezagutu izan dudalako ahal zen moduan norbait herriaren alde lanean. Bizitza pertsonalagatik batzarkide izateko proposatu arren, ezetz esaten nuen. Oraingoan taldearengatik animatu naiz. Lanerako giroa ikusi dut eta horregatik animatu naiz, uzten diguten heinean, gauzatxoak egitera. Josune Iparragirre: Beti ikusi dugu norbait Herri Batzarrean. Oso oso figura garrantzitsua da Herri Batzarra nire ustez, herritarren ahotsa entzuteko. Bi udalerrien artean banatuak egon eta horri aurre egitea lan nekeza den arren, herri bakarra gara, denok zubietarrak gara.

Zer da Zubieta bi udalerrien artean banatua egotea zuentzat?
N.Z.: Oso oso gaizki daramat. Ni donostiarra naiz. Ez naiz batere identifikatzen. Trabak besterik ez dituzte jartzen. Konplexuagoa da tramiteak egitea.

Herri Batzarrak zubietarren bizimodua errazten, hobetzen lagundu dezakeela uste duzue?
N.Z.: Pausoak egin ditzake, gero seguraski trabak aurkituko ditugun arren. Zorionez Haritz eta Jon ditugu aurreko legealdikoak, ibilbide bat egin dute eta horrek ere asko lagundu digu hautagai gisa aurkeztera.

Nondik hasi nahiko zenukete?
N.Z.: Jakin, orain arte zer pauso dauden eginda, ze proiektu dituzten pendiente ikusi. Herria entitate ezberdinek osatzen dute, eta haiekin hartuemana sendotu beharko dugu.
J.I.: Herriak zer behar dituen ikusi, herriak zer kezka dituen ikusi, horri erantzunez lan egitea. Azpimarratu nahi nuke deia jaso genuenean Jonen eta Haritzen prestasuna ikusita eta haiei esker animatu gara parte hartzera; batetik, beraiek badutelako esperientzia honetan eta oraindik ilusionatuak daude. Gure ilusioari batuta zerbait egiteko bidean jarriko gara. HAPO-ari lotutako prozesuan parte hartu genuen. Hor badugu helduleku bat, abiapuntu bat, herriaren hitza. Ateak beti zabalik izango ditugu herritarrentzat, beraien nahiak, kezkak edo proposamenak entzuteko.