Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegiari buruzko ikerlanak hizpide gaur Eusko Legebiltzarrean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 6a, 12:05

Zubietako erraustegiaren funtzionamenduari buruz Ekopol-ek landutako bi ikerlanak aurkeztuko dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean.

Eusko Legebiltzarrak astearte honetarako, ekainaren 6rako iragarriak dituen hitzorduen artean bada bat Zubietari lotutakoa. 13:30etan biltzekoa da Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordea. Gaurkoan bi hizpide nagusi hartuko dituzte ahotan. Batetik, "Erandioko aire kalitatea" izango dute hizpide, eta, bestetik, Zubietako erraustegia.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile Gorka Bueno Mendinuetak aipatu plantaren "funtzionamenduaren inguruan egindako ikerketak eta jarraipena" azalduko duela berri ematen ari da Eusko Legebiltzarraren ataria. Webgune horretan bertan zuzenean ikusi eta entzun ahalko dira EHU-ko kidearen azalpenak. Agerraldia EHBilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk talde parlamentarioek eskatutakoa da.

Hitzordu hau iragartzeko GuraSOSek helarazitako oharrak zehaztu duenez, "Bueno jaunak Zubietako erraustegiaren funtzionamenduari buruz burutzen ari den ikerketaren barruan egin dituen bi txostenak azalduko ditu. Batean, instalazio horrek airera isurtzen dituen kutsakorrak aztertu zituen eta bestean energia balorizazio eza aztertzen da. Bi ikerketa horiek Ekopol ikerketa taldearen sarean argitaratu dira. Ekopolen hainbat diziplina eta zentroetako ikertzaileek hartzen dute parte, 15 doktoreek, 5 doktoregaik, Basque Center for Climate Change (BC3) erakundeko bi laguntzailerekin eta Ikerbasqueko kideekin batera". 

Elkarte honen arabera, 14:45 aldera espero da hastea Buenoren agerraldia. Aipatu moduan zuzenean jarraituko ahalko duzue, legebiltzarra.eus atariaren bidez.


Emisioen muga 2.000 aldiz gainditua
Kutsaduraren kontrolean eta prebentzioan urratze larriak izan direla adierazten dute 2020 eta 2021 urteetan Zubietako erraustegiak atmosferara egindako isurketen etengabeko neurketen inguruan dauden erregistroei buruzko EHU-ko ikerketa taldearen azterketak. Datu kezkagarriak plazaratu zituen Gorka Buenoren txosten honek. "Probaldi fasean", hau da, 2020ko otsailetik ekainera, Ingurumen Baimen Bateratua indarrean sartu aurretik, Zubietako plantaren errausketaren lerroetako batek kutsatzaileen emisioen muga 1.390 aldiz gainditu zuen, bestean 532 aldiz. Urte hartako ekainaren 16an, Ingurumen Baimen Bateratua eraginkorra izan zen egunetik aurrera alegia, 45 aldiz gainditu ziren emisioen muga lerroetako batean, 11 bestean. Ordutik, kutsatzaileen emisio mugak 23 aldiz gainditu izan direnean, ez da berehala eten erraustegiaren jarduna, eta beraz, "araudia ez da bete".

Baldintzak bete gabe
2020ko lehen seihilekoan erraustegiak "probaldi" fasean funtzionatu zuen, txosten honek dioenez, "horretarako baldintza tekniko eta legalak betetzen ez zituen arren". Urte hartako otsailetik ekainera hain zuzen, "instalakuntzaren Ingurumen Baimen Bateratua eraginkorra izan aurretik, plantak hondakinen ezohiko baldintzetan errausten zituen, ez baitzituen legeak funtzionamendu eraginkor baterako aurrez exijitutako baldintzak betetzen". Arauak ez betetze horren adibide moduan aipatzen du azterlan honek, "Ingurumen Baimen Bateratuan jasotako kutsatzaileen neurri zuzentzaile guztiak ez jartzea". Hala, azterlanak ohartarazi duenez, "emisioak handiagoak dira 2020ko ekainaren 16ko Ingurumen Baimen Bateratua eraginkorra izan aurretik, ondoren baino". Hortik ere adierazi dezake, baimen hau indarrean jarri aurreko epealdian Zubietako instalakuntza "hondakinak errausten aritu zela atmosferara isurtzeko ezinbestekoak ziren zenbait neurri zuzentzaile martxan jarri gabe".

Hortik aurrera, 2020ko bigarren seihilekoan eta 2021. urtean zehar, duen gaitasunaren erdian, %50ean erraustu zituen lehengaiak, "geldialdi askorekin". Txosten honek zehaztu duenez, "errausketa lerro bakoitzean funtzionamenduan etenaldi bat baino gehiago izan zen astero eta egun osoko geldialdi bat gutxienez hilero". Txostenak ohartarazi duenez, "funtzionamendu erregimen hau urrun dago europar araudiak defendatzen duenarekiko". 

Txostena osorik (erdaraz) esteka honetan irakur dezakezue: https://ehubox.ehu.eus/s/kwBXATZG2aCkJAS