Zubietako erraustegia

Sutea erraustegian

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 4a, 11:27

Artxiboko irudia.

Zubietako errauste plantan sutea izan dela ohartarazi du GuraSOSek.

Enegarren ezbeharra Zubietako erraustegian. GuraSOSek berri eman duenez, "sute ikaragarria" izan da astearte honetan aipatu tratamendu plantan. Bertako hobian hain zuzen, aipatu taldetik zehaztu dutenez. Ke zutabea dagoeneko gutxitu da. Baina hemen grabatu eta GuraSOSek sare sozialen bidez zabaldu duen bideoa. 

Bizilagunen eskutik jaso duen beste bideo batekin Zubieta gainean jazotakoaz ohartarazi du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. "Antza sutea piztu da erraustegian. Guk dakigula alarmarik ez da zabaldu inguruan, baina inguruko herrietako airean ondoriorik suposatu al du?", galdetu du. 

Galdera gehiago egin ditu baita Usurbilgo alkateak, sare sozialen bidez. "@tgurasos en arabera, errauste plantaren fosoan sute bat izan da. Zer gertatu da? Seguru al gaude? Inork azalpenik emango al du? Instalazio arriskutsua dugu herri ondoan, eta kontrol eta jarraipen publikoa exijitzen ditugu".

Argibide eske
Gertatutakoaren inguruan GuraSOSek azaldu duenez, "GHKk eman digu bere bertsioa: sute txiki bat bolumen handiko hondakinen hobian. Horrek esan nahi du mankomunitateren bateko norbaitek bota duela material sukoia. 07:45etarako piztu dela sutea eta 10:00etarako kontrolatuta zegoela. Erraustegiko baliabideekin itzali dutela. Keaz aparte, beste kalterik ez dela izan".

Horren aurrean, zenbait argibide eskaini nahi izan ditu. "Ez da zilegi besteei errua botatzea bertan sartzen diren hondakinen kontrola beraien ardura denean. Zer esan nahi du ez dagoela sarrera kontrolik? Deskontrola?
Ez da gainera lehen sutea, gutxienez laugarrena da".

Gaineratu duenez, "azkenik bolumen handiko fosoan industrialak eta arriskuan gehien duten hondakinak daude eta erre dira, bi ordu baino gehiago kutsadura oso potenteko kea sortuz. Ezin da esan kea aparte kalterik ez dela izan, kaltea ke hori denean. Edo biztanleen osasuna eta segurtasuna ez al da kalte nahikorik? Jakin nahi dugu zer material zehatz eta kopuru erre den eta zer substantzia arriskutsu isuri diren eta zergatik ez zaion biztanleriari abisua eman eta baimenak behartzen duen bezala 112ra deitu ote duten".