#M28

Zubietako alkate berriaren kargu hartze ekitaldia asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 4a, 07:59

Zubietarrek maiatzaren 28ko hauteskundeetan hitza hartu ostean, asteazken honetan izango da legealdi honetako lehen bi urteetarako alkatearen kargu hartze ekitaldia, arratsaldeko 18:30etan Kaxkapen.

Maiatzaren 28an hiru hauteskunde deialdi batera egin ziren; udal eta foru hauteskundeak batetik, Zubietako Herri Batzar berria eratzeko bozketa eguna bestetik. Egun hartan, herritarrek hitza hartu ostean izandako emaitzetatik ekainaren 17an osatu zen Usurbilgo Udaleko udalbatza berria, ekainaren 23an eratu zituzten Batzar Nagusiak. Zubietako Herri Batzarraren txanda asteazken honetan, uztailaren 5ean. Arratsaldeko 18:30etan Kaxkapen antolatu dute kargu hartze ekitaldia.

Gogoan izan, lau urteko legealdia bitan zatitua izaten dute Zubietan. Lehen bi urteetan Usurbil aldetik aurkezturiko hautagaietako bat izaten da alkatea, eta gero, hurrengo bi urteetan Donostia aldeko hautagaietako bat. 2025. urtera arteko Usurbilgo aldeko alkateak hartuko du kargua beraz, gaurko ekitaldian. 2025eko uztailean Donostia aldekoaren txanda izango da, 2027an Herri Batzarra berritzeko hauteskundeok errepikatu arte.

Bost kide
Datozen lau urteotarako Herri Batzarrak bost kide izango ditu. Bi aurreko legealdiko batzarkideak izango dira, beste hiru estreinakoz erakunde honetan sartutakoak. Bi kide Usurbil aldekoak, gainerako hirurak Donostia aldekoak.

Herri Batzar berriko batzarkideak
Usurbil aldeko hautagaiak
-Josune Iparragirre Tolaretxipi.
-Haritz Arrizabalaga Garmendia

Donostia aldeko hautagaiak
-Maider Izagirre Txoperena.
-Jon Andoni Arroyo Arozena.
-Nekane Zaldua Iturrioz.


Maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzak
Usurbil aldeko bozketa
Errolda: 203.
Botoa eman dutenak: 91.
Bi hautagaiek bildutako botoak guztira: 131.
Boto zuriak: 9.
Boto baliogabeak: 0.

Donostia aldeko bozketa
Errolda: 239.
Botoa eman dutenak: 96.
Hiru hautagaiek bildutako botoak guztira: 157.
Boto zuriak: 1.
Boto baliogabeak: 3.