2023-27 legealdi berria

Elkarlanean aritzeko prestasun osoa adierazi du Donostiako alkateak

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 6a, 10:37

Zubietako Herri Batzarraren asteazken honetako eratze ekitaldian parte hartu du baita Donostiako Udaleko ordezkaritza batek, Eneko Goia alkatea buru zela.

Hitzorduan zehar, elkarlanerako "prestasun osoa" adierazi du Goiak. "Adierazi nahiko nuke Donostiako Udalaren aldetik prestasun osoa elkarlanean aritzeko".

Gogora ekarri du duela lau urte obra eta zerbitzuak koordinatu eta eraginkortzeko Herri Batzarrarekin eta Usurbilgo Udalarekin adosturiko hitzarmena, "orain berritu beharra duguna". Adibide gisa baliatu du Donostiako alkateak gai hau, lankidetzarako konpromisoa adierazteko. "Derrigorrezkoa zaigu Usurbili eta Donostiari elkarlanean aritzea zuekin batera", bere esanetan, "helburu bat lortze aldera; herritarren bizitza hobea lortzen saiatzea", orain arteko bidetik. "Uste dut horretan saiatu garela azken urteotan", zioen Goiak.

Eskerrak adierazi eta Herri Batzarra osatu duten kideak zoriondu ditu Gipuzkoako hiriburuko alkateak, "zuen auzokideekin hartu duzuen konpromiso horregatik".