2023-27 legealdi berria

"Aurrera begira ditugun erronkei aurre egiteko talde sendoa osatu dugula sentitzen dugu"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 6a, 10:51

Barne antolaketaren nondik norakoen berri eman zuten, Zubietako Herri Batzarraren eratze ekitaldian.

"Gaurko bilerako helburua, Zubietako Auzo Batzarra eratzea da", halaxe hasi zuen Usurbilgo Udaleko idazkari Garazi Etxeberria San Miguelek, asteazken honetan Kaxkapen egindako ekitaldi berezia. Berri eman zuen moduan, legealdiko lehen bi urteetan, orain hasi eta 2025. urtera arte Usurbil aldeko hautagaietako bat (bi aurkeztu ziren maiatzaren 28ko hauteskundeetara) izango da alkatea; Haritz Arrizabalaga Garmendia, 2019-21 urte artean izan zen moduan. 2025-27 urte artean Donostia aldeko hautagaietako bat (hiru aurkeztu ziren maiatzaren 28ko hauteskundeetara), Jon Andoni Arroyo Arozena, azken bi urteotako alkatea. Biak ala biak, bistan denez, bigarrenez izango dira Zubietako alkateak abiarazi berri duten legealdi honetan. 

Hiru kide berri
Bost kide izango ditu Herri Batzarrak; hauteskundeetara aurkezturiko Usurbil aldeko bi hautagaiak eta Donostia aldeko hiru hautagai. Alkate izango diren bi kideek bigarren legealdia izango dute, gainerako hiru kideak berriak izango dira. Bakoitzak izango dituen zereginen, eta beraz, Zubietako tokiko erakundearen barne antolaketa aurkeztu zuen kideetako batek, Josune Iparragirre Tolaretxipik, erakundearen asteazken honetako eratze ekitaldian.

"Guretzako pozgarria da zuek hemen ikustea, zuen babesa jasotzea. Aurrera begira ditugun erronkei aurre egiteko talde sendoa osatu dugula sentitzen dugu eta zuen babesarekin aurrera egingo dugula", ziurtatu zuen Iparragirrek.

Halere, beste ezer baino lehen, aurreko 2019-23 legealdian jardunean aritu den taldea eskertu nahi izan zuen "egindako lanagatik, eta Zubietari egindako ekarpenagatik. Aipatu nahi nituzke Eneko Izagirre Kastresana, Iñaki Izagirre Zuloaga, Urtzi Alberdi Zulaika, Jon Andoni Arroyo Arozena eta Haritz Arrizabalaga Garmendia".


2023-27 legealdiaren antolaketa
Herri Batzar berriko batzarkideak
Usurbil aldeko hautagaiak
-Josune Iparragirre Tolaretxipi.
-Haritz Arrizabalaga Garmendia

Donostia aldeko hautagaiak
-Maider Izagirre Txoperena.
-Jon Andoni Arroyo Arozena.
-Nekane Zaldua Iturrioz.

Bi alkate
2023-25 urte artean: Usurbil aldeko alkatea, Haritz Arrizabalaga Garmendia.
2025-27 urte artean: Donostia aldeko alkatea, Jon Andoni Arroyo Arozena.

Batzarkideen ardurak
-Nekane Zaldua Iturrioz: diru kontuez, ekonomiaz arduratuko da.
-Jon Andoni Arroyo Arozena: Donostiako Udalarekin koordinazioa eta jarraipen bilerak egingo ditu eta bi urte barru alkate izango da.
-Maider Izagirre Txoperena: komunikazioaz arduratuko da.
-Haritz Arrizabalaga Garmendia: Usurbilgo Udalarekin egin beharreko koordinazio eta bileren jarraipena egingo du eta gaurtik aurrera bi urtez alkate izango da.
-Josune Iparragirre Tolaretxipi: idazkaria izango da.