2023-27 legealdi berria

Haritz Arrizabalaga, Zubietako alkate berria: "Elkarlana sustatu eta herria bizitzea da gure gogoa"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 6a, 11:02

Haritz Arrizabalaga Garmendia izango da Zubietako alkate datozen bi urteotan. Kargu hartzea sinbolizatzen duen zumea jaso du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren eskutik, asteazken honetan Kaxkapen egin duten Herri Batzarraren eratze ekitaldian. Bigarren aldiz izango da Zubietako alkatea, 2019-21 urte artean izan zen kargu horretan estreinakoz. 

Kaxkapera joandakoak eskertzearekin batera, bueltan zetozela gogorarazi zuen bai, baina "talde berri batekin" oraingoan. Bere esanetan, "ilusioz berritua eta begirada berriekin. Talde berria osatzen dugunok Zubietak dituen beharrak eta aurrera begirako asmoak partekatzen ditugu eta horiei begira jarri gara lanean jada".

Auzolanetik lankidetzan
Datozen urteei begirako erronka zenbait aipatu zituen. "Hasteko bizilagunon eta Zubietako eragileon sarea sendotu, elkarlana sustatu eta herria bizitzea da gure gogoa eta begirada horretatik egingo dugu lan, taldetasuna eta kohesioa indartuz, herriko talde eta elkarte ezberdinen artean". 

Lankidetza horretarako auzolana gakotzat jo zuen Zubietako alkate berriak. "Auzolana tresna oso egokia dela uste dugu eta Zubietak dituen zenbait beharrei auzolanean erantzutea da gure asmoa, Zubieta herritarren artean eraiki nahi dugulako". 

Ezinbestekoa, "Zubieta bere osotasunean ulertzea"
Hirigintza gaiei heldu nahi diete, alor horretan "osatzeko eta hobetzeko asko ditugula" jakitun dira, tartean badira "aspaldiko eskakizunak". Horiek bideratzen saiatzeko asmo irmoa erakutsi du Zubietako alkateak. "Urteotan saiakera asko egin dira konponbidea bilatzeko eta temati jarraituko dugu lan horretan, eta bateko eta besteko udaletara beharrezkoetan joango gara. Ziur nago Usurbilgo eta Donostiako udalek eta Herri Batzarrak borondatea jarriz gero adostasunera iristeko gai izango garela". Horretarako, ordea, ezinbestekotzat jotzen dute "Zubieta bere osotasunean ulertzea".

Errebotea ondare inmaterial izendatzea
Herri Batzar berri honen beste lehentasunetako bat, errebotea izango da. Merezitako moduko aitortza eskuratzea. "Zubietarrentzat oso garrantzitsua den aitortza lantzeko asmoa ere badugu. Zubietak badu aitortua ez dagoen ondare historikoa eta ez naiz erraustegiaz, espetxeaz edo hipodromoaz ari, baizik eta XVIII. mendetik jokatzen den eta asko apreziatzen dugun kirolaz, erreboteaz". Gogorarazi zuenez, "duela urte batzuk pilota elkarteak ondare inmaterial izendatzeko saiakera egin zuen eta berriro helduko dio Herri Batzarrak" gai honi. Prozesu horretan, "Donostiako eta Usurbilgo udalei gurekin batera aritu zaitezten eskatzen dizuegu. Ondareak zaintza dakar eta errebotean kalitatez aritzeko baldintzak adosteko aukera emango du. Irailean ospatuko den Enrike Abril torneora gonbidatuak zaudete, bertatik bertara ezagutzeko nahi izanez gero".

Horiek Herri Batzar berriaren datozen lau urteotarako lan-ildoetako batzuk. Kargua hartu berri zuen alkateak iragarri zuenez, "datorren legealdian gure esku dagoena egiteko konpromisoa hartu dugu. Lau urteek beharbada ez dute askorako emango baina bateko eta besteko haziek bidea markatzeko balio izatea espero dugu".