2023-27 legealdi berria

Agurtzane Solaberrieta: "Talde bikaina osatu duzue, Zubietarekin eta zubietarrekin konprometitutako taldea"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 6a, 10:46

Zubietako Herri Batzar berria eratzeko ekitaldia egin dute asteazken honetan Kaxkapen. Kide berriekin batera, Haritz Arrizabalaga alkateak Usurbilgoak, Agurtzane Solaberrietak emandako zumearen eskutik hartu zuen kargua.

Agurtzane Solaberrietak batzarkideak zoriondu eta eskerrak helarazi zizkien "Zubietako Herri Batzarrean parte hartzeko konpromisoa eta borondatea agertu duzuelako". Konpromiso hau nabarmendu nahi izan zuen Solaberrietak. "Izan ere, jakin badakigu geroz eta nekezagoa eta zailagoa dela halako ardurak hartzea, halako ardurak hartzeko jendea topatzea, eta horregatik, txalotu nahi dut egin duzuen urratsa. Azken lau urteotan, zinez uste dut elkarlana eta lanerako giroa egon dela gure artean eta hori azpimarratu nahi dut oroz gainetik, eta ez dut dudarik talde berri honekin ere antzera aritzeko aukera izango dugula. Uste dut talde bikaina osatu duzuela, Zubietarekin eta zubietarrekin konprometitutako taldea, eta elkarrekin nahiko nieke aurre egin Zubietak aurrez aurre dituen erronka horiei". 

Legealdi berri honi begira Usurbilgo Udaletik dituzten zenbait egitasmo azaldu zituen Solaberrietak, bat baino gehiago, aurreko 2019-23 legealdian zehar, Usurbilgo Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren testuinguruan "eta guk Zubietan zer?" parte hartze prozesutik eratorritakoak. Horiek "legealdi honetan eraman nahiko genituzke aurrera eta bilkura hau baliatu nahiko nuke Usurbilgo udal gobernuaren agendan, eta ondorioz, Usurbilgo Udalaren agendan dauden erronka edo proiektu horien berri emateko eta proiektu horien baitan elkarlanean aritzeko gonbita egiteko". 

Bidegorri estrategikoa
HAPO-ari lotutako lanketan mugikortasun aktiboa sustatzeko nahia agertu zela oroitarazi zuen. Gaia hartu zuen ahotan. "Bizikleta eta oinezkoen mugikortasunean oinarritutako ereduaren aldeko hautua egin zenuten, eta horretarako, besteak beste, aipatu zen ezinbestekoa zela Zubieta eta Santuenea arteko bidegorria egitea. Nik ez dut dudarik bidegorri hori estrategioa dela, beharrezkoa dela errepide horretan oinezko, garraio publiko eta txirrinden arteko bizikidetza sustatzeko, batez ere oinezkoen segurtasuna bermatzea, eta norabide horretan, estrategikoa da bidegorri hori. Hori egiteko Donostiako Udalarekin elkarlanean aritu beharko dugu. Gure aldetik esan, zubietarren eskari historiko honi benetan bide ematen saiatuko garela", adierazi zuen Usurbilgo alkateak.

Aipatu prozesu hartan, gaineratu zuenez, "azpimarratu zen ikusten zenutela Zubietak gaur egun baduela herri izaera galtzeko arriskua eta etorkizuneko Zubieta gune bizi, euskaldun eta kolektibitatean oinarritutako herri bat izan nahi duzuela". Norabide horri begira, eskuartean beste bi proiektu dituztela iragarri zuen Solaberrietak. Batetik, "herri ekipamendu baten beharra. Proiektu horren helburuaz hausnartzeko lanketa bat egiteko gonbita ere luzatu nahi dugu, erabilera desberdinak izango lituzkeen proiektu bat abiatu nahi delako eta hor gure konpromisoa horretarako".

Gaztetxoen euskalduntze programa
Bigarrenik, gogora ekarri zuen urritik aurrera euskalduntze beharra duten gaztetxoentzat berriki iragarri duten eskolaz kanpoko programa, Udarregi ikastola eta Aginagako eskolakoekin batera Zubietakoarekin ere elkarlanean jorratu dutena, "euskara gaitasunik ez duten ikasleentzat eskola ordutik kanpo euskaraz aritzeko eskaintza luzatzea" xede duena. Geroz eta jatorri aniztasun handiagoaren aurrean, ezinbestekotzat jotzen ditu Usurbilgo alkateak halako ekimenak abiaraztea, gaztetxoen euskalduntzeari "hezkuntzatik ezin zaiola aurre egin eta berariaz baliabide propioak eskaini behar zaizkiela" argi baitago. Ildo horretan, "Zubietan bagoaz eskola txikian biltzen diren ikasleentzat eskaintzeko proiektu hori martxan jartzera. Haur horiek euskalduntzeko, eta ondorioz, kale erabileran ere euskara areagotzeko egitasmo garrantzitsua izango da", iragarri zuen Solaberrietak.

Egitasmo hauek guztiak garatzeko elkarlanerako gonbita eskaini zion Usurbilgo alkateak Herri Batzarreko alkate berriari. "Benetan zorte ona opa dizut, eta esatea, nahi baduzu orain arte bezala bidelagun izango gaituzula".