Zubietako jaiak

Zubietako pilota jaialdirako sarrerak salgai

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 13a, 09:02

Zubietako Jai Batzordetik aditzera eman dutenez, salgai dituzte dagoeneko festen atarian, uztailaren 23an jokatuko den pilota jaialdiko sarrerak.

Badatoz, gerturatzen doaz Zubietako jaiak. Ohi bezala, uztailaren 24tik 31ra ospatuko dituzte bertako festak. Baina girotzen hasteko, bezperarako, hilaren 23rako pilota jaialdia iragarri dute, arratsaldeko 18:00etan hasita. Bi neurketa hauek jokatuko dituzte:
Larrarte-Erasun - Mendizabal-Arrillaga
Urmeneta-Aranguren – Goñi II-Artetxe

Jaialdirako sarrerak salgai jarri dituztela berri eman du Zubietako Jai Batzordeak Bugatin, Irigoienen eta Ilargin. Hilaren 18tik aurrera, Txiribogan ere erosi ahalko dira. Edo bestela, 673 381 544 telefono zenbakira mezua idatzita.

Usurbilgo festen lekukoa hartzen lehena Zubieta izango da; uztailaren 24tik 31ra ospatuko dituzte jaiak. Ohi bezala hainbat otorduetan parte hartzeko aukera izango da, haurrei zuzenduriko ekimenak, gaupasa eguna uztailaren 30etik 31ra, kontzertu gau gehiago baita noski, bertako kirolarien erakustaldiak, oilasko biltzaileak... Hori eta gehiago, astebeteko ospakizunotan.

Urdaiaga
Zubietakoak amaituta, pare bat eguneko atsedenaldia baino ez da egongo. Lau festa egun izango dituzte Xanistebanek. Abuztuaren 3an hasiko dituzte jaiak eta hilaren 6ra arte luzatuko dira. Hemen ere, haurrei zuzendutako ekimenak tartekatuko dira, Orbeldikoen emanaldia, herri afaria, bertso saioa eta kontzertu gauak.

Atxegalde
Abuztuan Urdaiagan hasi festetan eta Atxegalden amaituko da hilabetea, hemen ere parranda giro betean. Abuztuko azken asteburuan auzo honetan jai izango dute, hilaren 25ean hasi eta 27ra arte. 48 orduko etengabeko ospakizunotan, haurrentzako ekimenak, kontzertuak eta txapelketak tartekatuko dituzte egitarauan.

Xehetasun gehiago, datozen egunotan.