Zubietako jaiak

Zubietak kontzertu gauak prest

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 17a, 10:09

Zubietako Jai Batzordeak ezagutzera eman du, datozen herri jaietako kontzertu gauetako taldeen zerrenda.

Badatoz Zubietako jaiak! Astebete baino ez bertako herri festei ekiteko. Jai Batzordeak prest du egitaraua eta xehetasunak aurreratzen hasia da egunotan. Gogoan izan, txupinazo ofiziala hilaren 24an jaurtiko duten arren, bezperarako pilota jaialdia iragarri dute.

Beste hamaika ekimen izango dira uztaila agurtu arte, eta horien artean noski, goizaldera arteko parranda gau luzeak. Gautxoriek izango duten musika eskaintza aurreratu du Jai Batzordeak. Bi izango dira goizaldera arteko parranda gau nagusiak, uztailaren 29an eta 30ean, hilabete honetako azken larunbat eta igande gauak. Igande gaua, tradizio luzeari jarraiki, gainera, Gaupasa Eguna izango dute Zubietan.

Hilaren 29an, Des-Kontrol, Usurbilgo Rukula taldea eta DJ Ertz gonbidatu dituzte. Biharamunean, uztailaren 30etik 31rako gauean, bi talde mitiko. Oholtza gainera itzuli den Añorgako Asgarth, Gozategi oriotarrekin batera. Gau hau ere Dj batek borobilduko du; Dj Fantasiak.

Pilota jaialdirako sarrerak
Gogoan izan, bestalde, uztailaren 23rako pilota jaialdia iragarri dute, arratsaldeko 18:00etan hasita Zubietako frontoian. Bi neurketa hauek jokatuko dituzte:
Larrarte-Erasun - Mendizabal-Arrillaga
Urmeneta-Aranguren – Goñi II-Artetxe

Jaialdirako sarrerak salgai jarri dituztela berri eman du Zubietako Jai Batzordeak Bugatin, Irigoienen eta Ilargin. Astearte honetatik, hilaren 18tik aurrera, Txiribogan ere erosi ahalko dira. Edo bestela, 673 381 544 telefono zenbakira mezua idatzita.