"15 urterekin jokatu nuen erreboteko lehen partida. Aurten 30 urte beteko dira ordutik"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 26a, 08:02

San Inazio Eguneko errebote partida tradizio handiko kirol ekitaldia izaten da zubietarrentzat. Aurten ere ez dute hutsik egingo eta Joko Garbiz gozatzeko aukera ere izango da San Inazio bezperan. Joseba Aizpurua taldeko kidearekin izan da NOAUA! kirol honen nondik norakoak ezagutzeko.

NOAUA! Gaur egun, zein egoera duzue Zubietako taldean?

Joseba Aizpurua: Gehiago izango bagina hobe, baina ez gaude horren gaizki. Gazteen aldetik konpromiso gehixeago izan lezakete, baina bederatzi bat gara taldean. Frontoian ere ibiltzen gara batzuetan, eta horretan jende gehiago aritzen gara. Zubietarrak gara ia denak, kalezartar bat daukagu eta sakatzailea lasartearra da.

 

Ipar Euskal Herrian kirol honek indar handia du, baina zein da Hego Euskal Herriko egoera?

Zubieta, Oiartzun eta Villabonako taldeak gaude hemen inguruan. Talde gehienetan oso justuan dabiltza jende kopuru aldetik.

Orain jokatzen aritu garen Iparraldeko txapelketan zubietarrok eta oiartzuarrek taldea atera dugu, baina villabonatarrak gutxiegi zirela eta, ezin izan zuten talderik osatu lehiaketa horretarako. Euskal Herriko txapelketa ere izaten dugu, Endika Abril txapelketan ere aritzen gara, eta azken urteetan ez zaigu ondo etorri eta ez dugu parte hartu, baina Gipuzkoako txapelketa ere izaten da.

 

Maila onean zabiltzate azken aldian?

Nahiko ondo gabiltza, pare bat urte eskasago daramatzagu, baina 2019an eta 2018an irabazi egin genuen Endika Abril txapelketa. Iparraldean oso talde onak daude eta maila handia dago, orokorrean. Final dezente lortu ditugu. Iparraldekoek gurean izan dezaketen arazoa plazaren luzera da. 72 metro ditu gure plazak eta Iparraldean dauden plaza asko handiagoak dira, 90 eta 100 metro ingurukoak dauzkate. Horiek jokatzeko daukaten modua eta teknikak ezberdinak dira, eta ondorioz, Zubietan jokatzen dugunean, irabazteko aukera dezente izaten ditugu.

 

Nondik datorkizu errebotearekiko zaletasuna?

Gurasoak ez dira inoiz ibili, baina aitak gustuko zuen. Sei urte nituela erregeek nire lehen zesta oparitu zidaten. Saltsan hasi ginen orduan, eta 15 urterekin jokatu nuen erreboteko lehen partidua. Aurten 30 urte beteko dira ordutik.

 

Joseba Aizpurua:

"Konpromiso falta nabaria da batzuetan. baina gazte batzuk ari zaizkigu sartzen taldean. Oraindik urte batzuetarako bagaude"

 

Harrobia osatzen ari zarete edo gazte gutxi datoz atzetik?

Gazteak baditugu, baina udan parranda dela eta ez dela, konpromiso falta nabari da batzuetan. Gu ere gazteak izan ginen eta uztartzen genituen bi gauzak. Iparraldean ere gauza bera diote, gazteei kosta egiten zaiela kirola eta parranda uztartzea. Guk ere parranda egiten genuen, baina partida beti jokatzen genuen eta ahalik eta itxura onena ematen saiatzen ginen. Gazte batzuk ari zaizkigu sartzen taldean; ez dira asko, baina oraindik urte batzuetarako bagaude.

 

Uztailaren 31n, San Inazio Egunean, zubietarren arteko errebote partida jokatuko duzue eguerdi partean.

Zubietarrak bakarrik izaten saiatzen gara bi taldeetan, baina zaila izaten da 10 zubietar elkartzea. Ni gaztea nintzenean, zubietarrez osatutako lau talde izaten ginen jaietako partida jolasteko eta txapelketa txiki modukoa egiten genuen. Orain bi talde osatzeko hortxe-hortxe ibiltzen gara. Nahiz eta jaiak izan, batzuk oporretan daude eta iritsi ezinean ibiliko gara eta oiartzuarrei eta villabonatarrei esaten diegu etortzeko. Gu ere joaten gara euren partidetara behar gaituztenean.

 

Joko Garbi gaztetxoen partida ere izango da uztailaren 30ean. Zein ezberdintasun ditu kirol horrek errebotearekin alderatuta?

Errebotean horma batetik bestera jokatzen da, tenisa balitz bezala. Tenisean sarea dago eta errebotean ez. Joko Garbin hiruk hiruren aurka egiten dute eta errebotean bostek bosten aurka. Kantxa zaintzen lan gehiago izaten da Joko Garbin. Niri biak asko gustatzen zaizkit.