Zubietako erraustegia

"Errausketa=Kutsadura" aldarripean, giza katea igandean Kontxan

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 8a, 19:34

Hondakinak erraustearen aurkako giza katea deitu dute iganderako, irailaren 10erako Donostian.

"Errausketa=kutsadura" aldarripean deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak eragile gehiagorekin batera, igande honetarako, irailaren 10erako giza katea Donostiako Kontxan, urte luzez egin duten moduan, hiriburuko uretan ospatuko diren estropaden azken jardunaldi egunean. "Murrizketa, birziklapena, gaikako bilketa intentsiboa, bizitza" goraipatuko dute badiako hondartza inguratuko duen hitzorduan.

Ohi bezala, 11:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik eta Kontxako hondartzara jaitsiko da mobilizazioa. "Zatoz giza katera!", egin diete gonbita herritarrei, deitzaileok; Errausketaren Aurkako Mugimendua, Eguzki, Donostia Bizirik, Ekologistak Martxan eta Larramendiko Arnasa eragileek hain zuzen. Eragile sindikal edota sozial gehiagoren babesa jasotzen ari da azken egunotan aipatu igandeko mobilizazioa.

Larramendiko erraustegia eta Arkaitzerreka iazko hizpideak
Iaz, aipatzeko moduko bi berezitasun izan zituen "erraustegia gelditu! Sistema aldatu ez klima!", aldarripean osatu zuten kateak. Batetik, bergararren partehartzea. "Larramendin erraustegirik ez!" aldarria zuen pankartarekin bat egin zuten mobilizazioarekin. Herri hartan, Larramendiko Arnasa izeneko plataforma osatua dute. Hondakin industrialen erraustegi bat eraiki nahi diete eta haren aurkako giza katera batu ziren. Aurten ere deitzaileen artean dira. 

Horrekin batera, azken urtebetean hizpide izan dugun Zubietako Arkaitzerrekako kutsaduraren salaketa ere giza katera eraman zuten. Irudi ezberdinak erakutsiz salatu zuten erraustegi ondotik igarotzen den errekak zuen itxura kaxkarra.