"Erraustegia=klima aldaketa", "hemen negozioa egiten dugu zure diruaren eta osasunaren kontura", "errausketa ez da irtenbidea ez Donostian, ez Bergaran, ez Zumarragan, ez inon", "hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko, birziklatzeko plan eraginkorrak eskatzen ditugu"... eta mezu gehiago irakurri ahal izan ditugu manifestarien eskutik.
Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldi eguna gaur Donostian. Ohi bezala, hondakinak erraustearen aurkako giza katea deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta azken aldian, Gipuzkoan barrena sustatzen ari diren beste egitasmo kutsakor batzuk tarteko, Bergarako Larramendiko Arnasa eta Urretxu-Zumarraga Bizi plataformek. Hitzordua babestu dute baita eragile sindikal eta sozial gehiagok.
Plan eraginkorren eske
Goizeko 11:00ak pasatxoan zuten elkartzeko hitzordua Donostiako udaletxe atarian, Alderdi Ederren. Urteotan ezaguna egin duten "Errausketarik Ez!" aldarria hizkiz hizki bizkar gainean hartuta, eta "erraustegia=klima aldaketa" aldarria buru zuen pankartarekin abiatu dute giza katea Kontxarantz.
Estropaden jardunaldi erabakigarria baliatuta, errausketaren aurkako harresia altxa dute beste urte batez, ur ertzean. Hondakinak kudeatzeko irtenbidea erraustea ez dela aldarrikatu dute beste behin, badela alternatibarik. Horretarako, hondakinak murrizteko plangintza eraginkorrak galdegin dituzte, baita modu bereko, alegia, ahalik eta eraginkorrena izango den gaikako bilketa sustatzea ahalik eta hondakin gehien berrerabili eta birziklatzeko.