Irailaren 24an

Zubieta eta Andatza zeharkatuko ditu Lasarte-Oriako 5. Mendi Festak

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 13a, 08:00

Lasarte-Oria Trailek bi martxa antolatu ditu irailaren 24an; motza eta luzea, nahieran osatzeko. Ez dira lehiakorrak izango. Biek ala biek Zubieta eta Andatza inguruak zeharkatuko dituzte.

Usurbilgo kaleetan hainbat kartel jarri ditu Lasarte-Oria Trailek. Irailaren 24rako Lasarte-Oriako bosgarren Mendi Festa antolatu dute. Albistea lerrootara dakarkigu, izan ere Zubieta eta Andatza inguruak zeharkatuko ditu. Antolatzaileen esanetan, ekimen hau "mendiko jarduera ludiko bat da". Helburua, "mendiko kirol osasungarri ez lehiakorra bultzatzea, Lasarte-Oria inguruko natur ingurunea ezagutaraztea  eta herriko merkataritza dinamizatzea" da.

Aipatu moduan, bi martxa antolatu dituzte; luzea (26,5 kilometrokoa eta 1.350 metroko desnibel positibokoa, 7:00etan abiatuko dena) eta motza (15 kilometrokoa eta 700 metroko desnibel positiboa, 9:00etan abiatuko dena).

Luzea, "ibilbide zorrotza da, forma fisiko ona duten, lur irregularretara ohituta dauden eta mendiko esperientzia duten pertsonei zuzendua. Ibilbideak Belkoain, Andatza tontorretatik eramango ditu parte-hartzaileak. Erronka handia mendi martxak maite dituztenentzat".

Martxa motzean, "parte-hartzaileek zementuzko hasierako zati bat eta lur eta harrizko pistak konbinatuko dituzte, larreak eta basoak zeharkatuz. Andatzako trikuharria aurkitzera animatzen zaituztegu, inguru horretako estazio megalitikoa osatzen duten historiaurreko 10 monumentuetako bat. Zailtasun ertaineko mendi-martxa. Ibilbideaz gozatzeko nolabaiteko forma fisikoa izatea gomendatzen dugu".

Nahieran osatzeko
Ibilbideok nahieran osatzeko aukera izango da. "Mendi Festako parte-hartzaile bakoitza bere erara bizi dadin nahi dugu, eta mendira joan dadin, korrika, jauzi, oinez… bere erritmoan, bakarka, bikoteka, familian edo taldean, eta betiere ingurumena eta gainerako parte-hartzaileak errespetatzeko premisarekin".

Izena bideotatik eman ahalko da:
Martxa Luzea
Martxa Motza

Informazio gehiago, lasarteoriatrail.com atarian.