Grabatu zen leku berean aurkeztu nahi zuten, euriak eragotzi egin zuen ordea. Baina bazen alternatibarik, eguraldiak ez zuen noski hitzordua zapuztu. Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemugaren harira, asteburu honetan herri hau ospatzen ari den Xumetik herri jaialdia bart abiarazi zuten Zubietako frontoian. Bertan aurkeztu zuten Oskar Alegriak iragan ekainean herritarrekin errebote plazan bertan grabatu zuen "Zumeta 23" film laburra, lan taldeko hainbat kiderekin eta frontoia bete zuten ikus-entzuleen aurrean. Aipatu moduan, izatez, errebote plazan, film laburrean ageri den plaza horretako hormetako batean proiektatu nahi zuten sortze lan hau, baina bart gaueko zaparradek hala egitea eragotzi zuten.
Zubietako pilotalekuko babesean, hainbat xehetasunez gozatzeko parada ematen duenez, behin baino gehiagotan ikustea merezi duen ikus-entzuneko eder hau proiektatu eta hari buruzko azalpenak eskaini zituzten lan taldeko hainbat kideek, Oskar Alegria zuzendaria buru zutela.
"Gure proposamena ere ausarta izan da"
Jose Luis Zumetaren ausardia nabarmendu zuen Alegriak frontoiko muralaz hitz egiteko tartea hartu zuenean. Garaiko testuinguruan kokarazi nahi izan gintuen. Frontoiko horma-irudiak "nire adina du", zioen, 50 urte alegia. "Pentsatu nola Jose Luis Zumeta ausartu zen mural hori egitera" 1973an, baita orduko udaletxea ere, Udalaren enkarguz egin baitzuen. "Bere garaian irudikatu behar da, nolabait Zumetak bere ausardia baliatu zuen mural ikoniko hori egiteko baina bere garaiko udaletxeak ere onartzeko, horma-irudia herriko bihotzean jartzeko".
Sortze lan honen, bere ogibidearen zein aurkezten ari zen proiektuaren arteko paralelotasunak nabarmendu zituen, "niretzat oso polita dena". Murala 16 bider 9 metrokoa da, "guk zineman erabiltzen dugun formatua da, beraz, hor badago parekotasun edo hurbiltasun bat".
Horrez gain, Zumetak bere garaian egin bezala, Alegriak eta bere lan taldeak film labur hau ekoizteko "askatasun osoa izan dugu". Mende erdia bete duen muralaren antzera, "gure proposamena ere ausarta izan da".
"Kolore festa"
Artelana osatzeko piezak ere gogora ekarri zituen, film laburrerako erabilitako zesta koloretsua eskuartean hartu zuenean. Zumetaren frontoiko murala hain zuzen, hiru mila piezaz osatua dago eta artista usurbildarrak urtebetean eraiki zuen artelan erraldoia. Zesta erabili zuten goiz batean iragan ekainean "Zumeta 23" ikus-entzunezkoa grabatzeko. "Probak egiteko erabili genuen hau. Kirolariak margolariak ere izan ziren. Zesta pintzel bat izan daiteke. Zesta puntistek egiten duten koreografia hori niretzat margolari baten oso antzekoa da. Saiatzen naiz irudikatzen margolari bat nola aldentzen den bere mihisetiik. Bere zertzelada hori jaurtiketa baten moduan irudikatzen dut. Bere eskuartetik zerbaitek ihes egiten du. Badago zerbait bera zuzentzeko gai dena. Baina gero, leherketa horretan, mantsa edo geometria horretan, koadroak bere hitza hartzen du baita".
Ikus-entzunezkoan zehar entzun daitezkeen herrikideen ahots ederrak nabarmentzearekin batera, film laburrean ikus daitekeena "kolore festa" gisa definitu zuen. Ekoizpenari dagokionean, argi zioen, "zero kilometroko filma da hau".
"Zesta punta, dantza baten modukoa da"
Aurkezpen ekitaldian ez zuen soilik zuzendariak parte hartu, baita film laburrean zehar agertu edota proiektua garatzea ahalbidetu duten hiru lagun ere; batetik, film laburrean ikus daitekeen kolore nahasketa eta muralaren inspirazio izan den Koldobika Jauregi. "Kolore nahasketa horretan ibili da, geometria sortzen, ez da edozein geometria", azaldu zuen Alegriak. Gaineratu zuenez, "bera izan da gure aholkulari nagusia". Jauregik eskerrak helarazi nahi izan zituen proiektuan parte hartzeko aukera eskaintzeagatik. Koloreen nahasketa lantzen jardun zen Koldobika, "frontoiko horman kolpe batzuen antzera gera ez zitezen".
Film laburraren trailerrean ikusi ahal izan zen moduan, bi kirolari ageri dira zesta puntan pilotak jaurti beharrean koloreak jaurtitzen Zubietako errebote plazako hormara. Zereginotan parte hartu dute "Zumeta 23" ikus-entzunezkoan Maite Ortiz de Mendibilek eta Manex Urtasunek. "Pilotari pintoreen" rol-ean ageri dira film laburrean. Esperientzia berritzailetzat jo zuen Ortiz de Mendibilek. Hasiera batean zaila zirudien esperientzia "zesta puntarekin lotutako zerbait izan denez, askoz errazagoa izan da eta taldearen babesak ere asko lagundu gaitu hau egiten", gaineratu zuen.
Ohoretzat jo zuen bizitako esperientzia Urtasunek. Ikus-entzuleen artean zuen aita gogoan hartu nahi zuen, berari esker "jokatu dut urte askotan pilotari gisa zestan". Bere ikuspegitik, zestak nolabait dantza irudikatzen du. "Askok uste dute kirol jarduera bat dela, baina dantza baten modukoa da. Azken finean, pauso batzuk eman behar dira eta erritmo, koordinazio bat segi behar da". Film labur honetan egindakoa, "pilotakadak ematea", haien eguneroko jardunaren baitan kokatu du, "baina gustu handiz egin dugu eta polita geratu da benetan, eskerrik asko".
Alegriak Zumetaren muralaren 50. urtemuga honen ondoren adierazi zuenez, "beste 50 urte pasata hemen izango gara berriz, 100 urte ospatzeko zuekin, nola ez", agurtu zen aurkezpen ekitaldira joandakoen txalo artean.
"Zumeta 23"
Zuzendaritza Oskar Alegria.
Kamerak Juanfe Garces, Beñat Gereka, Luis Jambrina.
Audio eta soinu-postprodukzioa Luca Rullo.
Edizio eta irudi-postprodukzioa Luis Jambrina, Aitor Oñederra.
Makillajea Oihana Garde.
Atrezzo eta laguntzaileak Alicia Otaegui, Elias Alegria, Jon García Olabarri.
Pilotari pintoreak: Maite Ortiz de Mendibil, Manex Urtasun.
Kolore nahasketa, muralaren inspirazioa: Koldobika Jauregi.
Musika: Peru Galbete + “Urtsua uda”, Mikel Laboa.
Ahotsak: Agurne Alkorta, Arrate Eizagirre, Maria Jesus Tolaretxipi, Antonio Iparragirre, Iñaki Zugasti, Aitor Agirre, Aintzane Aizpurua, Nekane Zaldua.
Sinopsia: "Duela mende erdi, Jose Luis Zumeta artistak bere lanik ikonikoena utzi zigun bere herriaren bihotzean: Usurbilgo frontoian. Egun bi pilotari-margolarik kolore festa bat ospatu dute bere omenez".