GuraSOSek berri eman duenez "prebarikazioagatik" ikertu gisa deklaratu du Eusko Jaurlaritzako langile Hipolito Bilbao Intxaurragak, ingurumen alorreko fiskaltzak Zubietako erraustegiaren funtzionamenduari lotuta aurrez aurkezturiko salaketaren harira. Epailearen eta herri akusazio lanean diharduen GuraSOSen galderei erantzun die. Hala berri eman du ohar bidez aipatu elkarteak.
GuraSOSek oroitarazi duenez, "funtzionarioak ustez ezikusiarena egin zuen ingurumen arau-hauste larrien aurrean". GuraSOSen esanetan, "arau-hauste horien atzean egon daitezke erraustegiak inguruko lurzoru eta lurrazpiko uretan eragindako kutsadura".
Salaketaren arrazoiak
Aipatu elkartetik azaldu dutenez, Bilbao Intxaurragak "Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko sailburuordetzan dihardu lanean, kutsaduraren prebentzio eta kontrol zerbitzu bateratuaren arduraduna da". GuraSOSek azaldu duenez, "gaitasun kutsakor handia duten Euskadiko instalakuntzen Ingurumen Baimen Bateratu guztiak tramitatzen ditu; hala nola, erraustegienak, Zaldibarko zabortegiarena edota Muskizko Petronor plantarena".
Fiskaltzak Eusko Jaurlaritzako funtzionario hau salatu du GuraSOSen esanetan, "ustez bere txostenetan ez duelako behatu ezta islatu ere "gasen arazketa sistemako efluente toxikodun ezkutuko purga arriskutsua , proiektuan ez zegoena aurreikusia eta beraz baimendu gabekoa zena". Langile hau salatu zuten baita, "berak zuzendutako ikuskapenetan, baimendutako emisioen muga gainditzen den kasuetarako hondakinen elikaduraren gelditze sistema automatiko faltagatik".
GuraSOSek gogorarazten duenez, hauek "zigor-kodearen 329.1 artikuluan tipifikatuak dauden "ingurumen prebarikazioko" delitutzat jo daitezke, hiru urtera arteko espetxealdia ezartzen dutenak, 9-15 urte arteko kargugabetzea zigor-kodearen 404. artikuluaren arabera. Are gehiago, ingurumen prebarikazioa prebarikazio modu larri eta kaltegarrienetzat jotzen da, ingurumenari eta osasun publikoari eragiten diolako".
Polizia ikerketaren eske
Gaurko deklarazio hartzean, GuraSOSen arabera, "erraustegiaren sustatzaileen jokabidearen legaltasuna justifikatzen ahalegindu da ikertua". Horrez gain, gaurko saioa baliagarritzat jo du GuraSOSek "behin betiko baieztatzeko Tapia sailburua Eusko Legebiltzarra engainatzen ahalegindu zela, tximinien zonaldeko purga sistema baten irudiak aurkeztu zituenean, salatutakoarenak ez ziren eta. Ikertuak, gainera ez du ezkutatu sailburuaren erantzunaren egitean parte hartu zuenik, "salatua" izan arren. Erantzun hau ingurumen kalitatearen zuzendaritzak prestatu zuen".
Testuinguru horretan, "GuraSOSek positiboki baloratzen du Ingurumen Sailburuordetzaren jokaerari buruzko ikerketa abiaraztea azkenean, eta zehazkiago esanda, "kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuko zerbitzuaren arduradunarena". Halere, elkarte honek ohartarazi duenez, urtebete igaro da diligentzietatik eta Justiziaren atzerapen hau, "ez da bateragarria ingurumenaren zaintza eraginkoarren defentsarekin".
GuraSOSek ezinbestekotzat jotzen du, "ikerketa faltsuki itxi nahi ez bada, ingurumen fiskaltzak eskatutako polizia ikerketa bat egotea".
Erraustegira bisita laster
Eusko Legebiltzarra aipatuta, bertako ingurumen batzordea laster Zubietako erraustegia bisitatzekotan dela iragarri du GuraSOSek. Hitzordu hau adostu dute, azken hilabeteotan erraustegiaren gaia bost alditan hizpide izan ostean, "erraustegian detektatu diren hainbat irregulartasun" tarteko.
Haietako saio batean, Arantza Tapia ingurumen sailburuak parte hartu zuen. Kontraesankortzat jo ditu GuraSOSek Tapiak gaurko deklarazio hartzean epaitu diren gertaerei buruz batzorde hartan esan zituenak, baita horiei lotuta aurkeztu zuen dokumentazioari lotutakoak edota GuraSOSek eta ingurumen fiskaltzak aurkezturiko salaketei buruz esandakoak. "Arantxa Tapiak GHKren jokaera eta bere saileko ikuskatzailearen jokabidea defendatu zituen, purga sistema baten irudi nahasgarriak aurkeztuta, ez zirenak salatutakoarenak", GuraSOSen arabera. Horrez gain, Tapiak ziurtatu zuen erraustegiak baduela emisioen baimenduko muga gainditzen den kasuetarako jarduna geratzeko sistema automatikoa. GuraSOSen esanetan, ordea, "ez zuen aipatu GHK-k sailburuordetzan aurkezturiko dokumentu bat, zeinak kontrakoa dioen". Hain zuzen, aipatu elkarte honen arabera, "dokumentu horretan dago oinarritua fiskaltzaren salaketa".