Eusko Legebiltzarreko atarian (legebiltzarra.eus) sartuta, erakunde honek iragartzen dituen hitzorduen agendan, hala irakurri daiteke; "Zubietako ingurumen-gunea bisitatzea". Astearte honetarako, urriaren 17rako iragarri du bisita hau Legebiltzarreko Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordeak. Eguerdiko 12:30etarako hain zuzen, aipatu moduan, Zubietako tratamendu plantan bertan.
Zubietako erraustegiaren funtzionamenduari lotutako hainbat saio egin dituzte azken aldi luzean batzorde horretan, GuraSOSek gaur ohartarazi duen moduan, "lantegian antzemandako irregulartasun ugarien ondorioz". Guztira adituen bost agerraldi egin dituzte. Hitzorduotan izan dira, besteak beste, GuraSOS elkarteko ordezkariak, Gorka Bueno Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea bera edota Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako ingurumen alorreko sailburua. Horrez gain, "EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek informazio eskaera ugari egin dituzte".
Agerraldi horien testuinguruan kokatzen da, bihar, urriak 17, Zubietako erraustegiara egitekoa duten bisita.