Gogoan izan, urriaren 6an GuraSOSek berri eman zuenez "prebarikazioagatik" ikertu gisa deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzako langile Hipolito Bilbao Intxaurragak, ingurumen alorreko fiskaltzak Zubietako erraustegiaren funtzionamenduari lotuta aurrez aurkezturiko salaketaren harira. Aipatu elkartetik azaldu zutenez, Bilbao Intxaurragak "Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko sailburuordetzan dihardu lanean, kutsaduraren prebentzio eta kontrol zerbitzu bateratuaren arduraduna da". Epailearen eta herri akusazio lanean diharduen GuraSOSen galderei erantzun zien.
GuraSOSek oroitarazi zuenez, "funtzionarioak ustez ezikusiarena egin zuen ingurumen arau-hauste larrien aurrean". GuraSOSen esanetan, "arau-hauste horien atzean egon daitezke erraustegiak inguruko lurzoru eta lurrazpiko uretan eragindako kutsadura".
Aipatu funtzionario honen aurkako ikerketa artxibatzea erabaki du epaileak, GuraSOSek berri eman duenez, "eskatutako ikerketa abiarazi gabe eta soilik ikertua entzunda iragan urriaren 6an". Gaineratu duenez, "bere erabakia argudiatzeko ikertuaren argudioak errepikatzera baino ez da mugatu epailea".
Testuinguru honetan, GuraSOSek iragarri duenez, "hurrengo egunetan apelazio-errekurtsoa aurkeztuko du. Gipuzkoako Lurralde Auzitegia izango da ikerketa honen etorkizunaz azken hitza izango duena".
Elkarte honetatik gogorarazi dutenez, "Fiskaltzak 2022ko urriaren 17an salaketa idatzi bat helarazi zion epaitegiari. Bertan aipatu funtzionarioak ustez behatzeari eta bere txostenetan islatzeari utzi zion bazegoela "gasen arazketa sistemako efluente toxikodun ezkutuko purga arriskutsua, proiektuan ez zegoena aurreikusia eta beraz baimendu gabekoa zena". Horrez gain, "berak zuzendutako ikuskapenetan, baimendutako emisioen muga gainditzen den kasuetarako hondakinen elikaduraren gelditze sistema automatiko falta" zegoela ere ohartarazi zuen.
Idatzi horretan, GuraSOSek oroitarazi duenez, "ingurumen fiskaltzak epaitegiari eskatu zion hainbat ikerketa egiteko".
GuraSOSen balorazioa
"Badago "ebazpen goiztiarra" izeneko kontzeptu juridiko bat, epaileek beharrezko ikerketa-eginbideak edo behar bestekoak egin gabe artxiboak ebazten dituzten kasuetan aplikatzen dena. Ezagutu dugun artxiboa termino horretatik haratago doa. Epaitegiak ez du ikerketa-eginbide bakar bat ere erabaki, Fiskaltzak beren-beregi horietako bateria bat eskatu zionean.
Bestalde, arduradun politikoak "lasaitasun" mezua errepikatzen ari dira azken egunotan, duela egun gutxi jakin baitzen Zubietako erraustegiaren funtzionamenduarekin lotutako kausa batean Ingurumen diputatu Asensio jauna "ikertuko" zutela. Ordezkari instituzionalek aurreratu zuten salaketa ezerezean geratuko dela. Gure ustez, horrelako adierazpenek justizia baldintzatu nahi dute, eta Zuzenbide Estatu batean gaitzesgarriak dira.
Ezinezkoa da aurreko testuingurua kontuan ez hartzea artxibo honen moduko ebazpenak baloratzerakoan. GuraSOSek ikerketa "gezurrezko itxiera" baten arriskuaz ohartarazi zuen urriaren 6an igorri zuen komunikatuan. Ikertutako Hipolito Bilbao Eusko Jaurlaritzako funtzionarioaren deklarazioaren ondoren, gogorarazi zuen "urtebete igaro dela eginbideak hasi zirenetik inolako eginbiderik egin gabe".
Inmunitaterako eta ingurumen-demokraziarako espazioak.
KASUA EZ IXTEAZ GAIN, DIMENTSIO HANDIAGOA ERE HARTZEN DU, beraz gaitzerdi. goragoko erakunde judiziala delako, Probintzia Auzitegia, GuraSOSek, luze gabe, artxibatzeko autoaren aurka aurkeztuko duen errekurtsoari erantzunez erabaki beharko dena. Jokoan dago gizarteak, kasu honetan Ingurumen Fiskaltzak ordezkatuta, osasun publikoa eta ingurumena babesteko ardura duten funtzionarioen jarduerak monitorizatzeko duen eskubidea. Ezin bazaie ikertu ere egin, zigorgabetasun-guneez ari gara, eta hori oso arriskutsua da demokraziarentzat oro har, eta ingurumenarentzat bereziki".
Asensio "ikertua"
Gogoan izan lerrootan mintzagai dugun epaile honen erabakiaren aurretik, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GKH) lehendakari, Gipuzkoako Foru Aldundiko jasangarritasun arloko diputatu eta lehen ahaldun nagusi orde Jose Ignacio Asensio ikertua izaten ari dela berri eman zuen GuraSOSek duela bi egun, "Gipuzkoako Fiskaltzaren salaketa baten ondorioz", batetik, "ingurumenaren aurkako delitua", eta, bestetik, "dokumentuak faltsutzea" egotzita.
Asensioz gain, ""erantzule penal" gisa agertzen dira, halaber, Proiektuen zuzendaria, "[GHK] ingurumen-organoari bidalitako dokumentazioaren sinatzailea, hondakinen kudeaketaren arloko produktu eta prozesuko ingeniaria eta aipatutako partzuergoko ekoizpen, mantentze eta laborategiko arduraduna, baita hondakinak kudeatzeko enpresa bateko arduradun bat ere".
"Ingurumenaren aurkako delitua izan daitezke"
Hau guztia atzeragotik dator. "Fiskaltzaren idazkiak "epaitegira salaketa bidaltzea" agintzen du, eta GuraSOSek ekainaren 9an aurkeztutako beste idazki batean du jatorria. Idazkiaren arabera, "Zubietako udal-hondakinen Balorazio Energetikorako Plantak hondakin arriskutsuak sortu izan zituen 2022an, eta ingurumen-organoak ez du baimentzen hondakin horiek sortzea" [GHK]. [Baimenik gabeko hondakin arriskutsuak sortzea] "praktika hori ezkutatzeko", GHK-k hondakin horiek Ingurumena Zaintzeko Programaren Memorian sartuko zituzkeen, hondakin kode bat eta kontzeptu oker bat emanez, "modu kontzientean". Era berean, "hondakin horien zati bat Artaxoan (Nafarroa) egoitza duen ENCOFERT SANSOAIN S.L. enpresari tratatzea eskatu zitzaion, nekazaritzako ongarrietarako konpostajean aritzen baita, hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimenik gabe".
Ondorioz, "salaketaren arabera, arestian deskribatutako egitateak ingurumenaren aurkako delitua izan daitezke, Zigor Kodearen 326.1 artikuluan tipifikatua eta zigortua, baita 390. artikuluan tipifikatutako dokumentuak faltsutzeko delitua ere".
GuraSOSen esanetan, Fiskaltzaren aburuz oraindik horretarako "goizegi" bada ere, GuraSOSen esanetan, "susmoen aurrean gaudela balioesten dugu eta susmo horiek ikusita" beharrezkoa da polizia-ikerketa... baztertu gabe prozesu-une aurreratuago batean ikertutzat jo behar direla GuraSOSek aipatzen duen ingurumen- organoko kideak "[Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetza]".
Honenbestez, GuraSOSek ondorioztatu duenez, "akusazio publikoak" Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzara zabaldu daitezke. Honela azaldu du zergatia. "Hondakinen lekualdaketa oro instantzia horren kontrolpean egingo litzateke, eta hondakinen onarpenari, kudeaketari eta garraioari buruzko adierazpen guztiak jakinaraziko litzaizkioke, bai jatorrian, bai helmugako instalazioetan". "Hala ere – adierazi du –, Sailburuordetzak ez zuen espedienterik hasi Ingurumen Baimen Integratuaren (IBB) ez-betetze nabarmenagatik (baimendu gabeko funtsezko aldaketa), Legeak arau- hauste larritzat tipifikatuta baitago, eta [GHK] titularrari ez zion eskatu baimenik gabeko hondakinak sortu, biltegiratu eta garraiatzeari uko egiteko, Ingurumen Baimen Bateratuaren funtsezko aldaketarik egon ezean, eta, antza denez, ez zuen ikuskapen-jarduerarik egingo".
Hortik ekarri du gogora GuraSOSek pasa den urriaren 6an izan zen deklarazio hartzea. "Epaitegian agertu behar izan zuen Hipolito Bilbao Intxaurragak, Eusko Jaurlaritzako ingurumen-baimenen arduradunak, betiere Zubietako erraustegiaren instalazioei eta haren funtzionamenduari dagokienez. Instalazio horretan eragindako kutsadura jakin batzuen jatorrian egon daitezkeen ez-betetze larriei, "ezikusiarena egitea" egozten zaio".