Urriaren 29an

Zubieta zeharkatuko duen 26. Lasarte-Oria Bai! kros herrikoian izen-emateko aukera

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 23a, 08:03

Datorren iganderako antolatu duten Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren 26. edizioak Zubieta zeharkatuko du urriaren 29an. Proba honetan izen-emateko epea zabalik duzue.

Antolatzaileek plazaraturiko datuen arabera, iazko mende laurdeneko edizio borobilean, 705 lagunek, haietatik 37 herrikideek, parte hartu zuten. Datorren 26. edizioa, Lasarte-Oria Bai! Herri Krosarena igande honetarako antolatu du udalerri horretako Ostadar S.K.T.-k. Goizeko 10:30etan abiatuko den proban, lasterkariek, patinatzaileek edota ipar martxalariek parte hartu ahalko dute. Gaztetxoentzako, infantil eta kadete mailakoentzat Korrika Festa iragarri dute baita. Guztientzako izen-ematea zabalik dute ostadarskt.eus atarian. Aurtengoan, orain arte ekimen hau egitea ahalbidetu duten boluntario guztiak omenduko dituzte.

Zubietan barrena
Urtero moduan, Zubietako Herri Batzarrak bat egin du Lasarte-Oriako Ostadar S.K.T.-k antolatu duen herri krosarekin. Izan ere, Zubieta zeharkatuko du hitzordu honek. Ohi bezala, hipodromoko zubitik errebote plaza aldera etorriko dira partaideak eta handik Aliriko zubirantz joko dute gero. Txikierditik barrena Michelin paretik Okendo plazara joko dute amaitzeko. Bertan kokatuko dute, hamar kilometroko ibilbidearen helmuga. Geltoki kaletik abiatuko da ekimena.