Lehendik hamarkada luze batez milaka herritarrek eskaturikoari erantzunez, aurrez emana zuen hitza bete zuten 2013an Gipuzkoako Foru Aldundian agintean ziren EHBilduko ordezkariek. Izan ere, Zubietako erraustegia geratzea lortu zuten adostasunaren bidetik, Gipuzkoako Hondakinen Konsortzioak eta enpresa eraikitzaileek sinaturiko akordioari esker.
2013ko azaroaren 13an izan zen, gaur juxtu duela hamar urte hain zuzen. Bistan da, gerora, 2015eko foru hauteskundeen ostean, gobernu aldaketa gertatu eta erraustegi berri bat eraikitzeko bidea zabaldu zutela berriz EAJk eta PSEk, obrak amaitu zituztela eta martxan dela Zubietako planta duela lau urtetik.
Ez hori bakarrik, aurreko erraustegia geratzeko duela hamar urte hartutako erabakia epaitegietara eraman zuten. Halere, Espainiako Kontu Auzitegiak 2013an eraikitzekoak ziren Zubietako erraustegia geratu izana ez zela delitua izan adierazi zuen 2018ko urrian. Honenbestez, Madrilgo epaitegi honek errugabetu egin zituen, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) EAJ eta PSE-ren agintariek salatu eta urte hartako apirilean epaitu zituzten garai hartako EHBilduren bi ordezkariak, Ainhoa Intxaurrandieta (GHK-ren lehendakari ohia) eta Iñaki Errazkin (ingurumeneko foru diputatu ohia). Gogoan izan, bi ordezkari politiko hauei euren poltsikoetatik 46 milioi euro inguru ordaintzea eskatzen zieten EAJ eta PSE-ren agintariek, 2013an Zubietako erraustegia geratzea erabaki izanagatik.
Hori, aipatu moduan, erraustegia geratu izanak eragin zuena gerora. Gaur, duela hamar urte, 2013ko azaroaren 13 hartan jazotakoa ekarri nahi izan dugu gogora lerrootan.
"Gipuzkoarron mesederako lan egiteko bion jarrerari esker"
Duela hamarkada bat izan zen, 2013ko azaroaren 13an. Gaur, 2023ko azaroaren 13an bete dira hamar urte beraz. Egun hartan Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan agintean zirenek adierazpen honen bidez jakinarazi zuen Zubietako erraustegia geratzea lortu zutela, adostasunaren bidetik:
2013ko urriaren 3an Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren zuzendaritzak eta UTE GIPUZKOA CGRko ordezkariek sinatutako akordioaren ondorioz-non bi hilabeteko epea jartzen baitzen akordio batera iritsi eta bi aldeak lotzen zituen kontratua adostasunez amaitzeko-, gaur, 2013ko azaroaren 13a, asteazkena, akordio hau lortu da:
-Amaitzea formalki bi aldeen arteko kontratu harremana, eta ondoriorik gabe uztea Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua.
-Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE GIPUZKOA CGR-ri honako zenbateko hau ordainduko dio: %3 eraiki gabe geratu den zatiaren lortu gabeko irabaziengatik, eta %3 CGRk proiektatutako planten ustiapenaren lehenengo bost urteengatik.
-Eraiki gabe geratu den zatiaren lortu gabeko irabazien ondoriozko ordainketa 6.690.000 euro da; ustiapeneko lehenengo bost urteen ondoriozkoa, berriz, 1.500.000 euro.
-Ondorioz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE GIPUZKOA CGR-ri ordainduko dion zenbatekoa, kontratua amaitzeagatik eta Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua bertan behera uzteagatik, 8.190.000 euro izango da.
Akordio hori bi aldeek erakutsitako borondate onari esker lortu da, gipuzkoarron mesederako lan egiteko bion jarrerari esker.
Donostia, 2013ko azaroaren 13a
Bandoa eta suziriak
Albistea hedatu eta berehala, gertaturikoa ospatzeko hiru suziri jaurti ziren Usurbilen. Horrekin batera, honako bando hau kaleratu zuen Usurbligo Udalak.
"Gaurko egunez, Zubietan aurreikusita zegoen errauste plantaren proiektua bertan behera geratzeko akordio garrantzitsua iragarri du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak, obra egitekoa zuten enpresekin akordioa lortu ondoren. Usurbilgo herriarentzat berri pozgarri hau herritar guztiokin partekatu nahi dut eta, era berean, hainbat urtetan usurbildarren aldarrikapenari erantzuna ematen dion iragarpenari ongi etorria eman. Halaber, bando honen bidez, usurbildar guztiak zoriondu nahi ditut, urte hauetan errauste planta ezartzearen aurka emandako urrats tinko eta jarrera gizatiar eta aurrerakoia eskertuz.
Usurbilen, 2013ko azaroaren 13an
Mertxe Aizpurua, alkatea"
"Nik ere gelditu dut"
Garaipen hura "Nik ere gelditu dut" izeneko jaialdi batekin ospatu zuen herri honek urte haren amaieran.
"Bidelagun izan ditugun herritar guztiokin batera ospatu nahi dugu garaipena", iragarri zuten hitzordu hura Gipuzkoa Zero Zabor eta herrietako Zero Zabor taldeetako ordezkariek. Errauste planta proiektua gelditu izana mugarri bat zela adierazi zuten, "zaborraren eta errausketaren aroari bukaera eman, eta, Zero Zabor aroa abiatzen duen mugarria".