Gaur, azaroaren 15ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordea bilduko da. Eguneko gai-zerrendan, gai bakarra hartuko dute ahotan; "GuraSOS elkarteko ordezkarien agerraldia", aipatu erakundeko web orria iragartzen ari den moduan. Gipuzkoako Batzar Nagusiek zuzenean eskainiko dute saioa.
Agerraldi horren eskaera Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztu dio Jasangarritasun Batzordeari, "urgentziaz GuraSOSeko ordezkarien agerraldia antola dezaten". Hitzordu hau, Donostiako epaitegi batek Jose Ignacio Asensio alor horretako Diputatua ikertzea erabaki ostean dator. "Hedabideek argitaraturiko informazioaren harira jakin dugu Donostiako epaitegiak tramitera onartu duela Gipuzkoako Fiskaltzaren eskaera Jasangarritasun diputatua eta Ahaldun Nagusiaren ordezkoa ikertzeko, ustezko ingurumenaren aurkako delituagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik".
Horren aurrean, Elkarrekin Gipuzkoak agerraldi honen eskaera jasotzen duen dokumentuan dioenez, "Donostiako epaitegiak Jasangarritasun arloko diputatua ikertzeko hartutako erabakiak izan duen oihartzun sozial handia tarteko, beharrezkoa ikusten dugu GuraSOS elkarteak urgentziazko agerraldia egitea Batzar Nagusietan bere iritzia azal dezan Gipuzkoako gizartearen ordezkarien aurrean".
Agerraldi hau antolatzea beharrezko ikusten du Elkarrekin Gipuzkoak, izan ere, "kasu honen ardura duen epaileak irekitako aurretiazko diligentziak foru erakundeen irudiaren gainbehera larria suposatzen du. GuraSOS elkartea osasunarekin inplikatua dago eta irekia dagoen auzi honetan parte hartzen ari da herri akusazio gisa. Beraz, beharrezkoa da Jasangarritasun Batzordean azalpenak ematea".
Beste bi agerraldi eskaera
GuraSOSena ez da izango gai honi lotuta egunotan egingo duten agerraldi bakarra. Gipuzkoako Batzar Nagusiek iragarri dutenez, etzi, azaroaren 17an beste bi agerraldi eskaera programatuak daude goizeko 9:00etan, batetik Elkarrekin Gipuzkoak eta, bestetik, PP-k aurkezturikoa. Biek ala biek jasangarritasun departamenduko foru-diputatua agertzea galdegin dute, Jose Ignacio Asensio alegia. Elkarrekin Gipuzkoako ordezkari Miren Etxebestek sinaturiko eskaerak dioenez, beharrezkotzat eta urgentetzat jotzen dute Asensiok gipuzkoarren ordezkari politikoen aurrean azalpenak ematea, Donostiako auzitegi batek lehenago aipaturiko ustezko delituengatik bera ikertzea erabaki ostean.
Erabaki horrek "foru erakundeen irudia" larriki kaltetzen duela ohartarazi dute eta horrek beharrezko egiten duela jasangarritasun arloko foru diputatuaren agerraldia.
Ildo beretik, PP-k ere Asensiok gipuzkoarren aurrean azalpenak ematea eskatu du aipatu gai beragatik. "Duela gutxi jakin ditugun inputazioen larritasuna dela-eta, eta akusazio horien oinarri den karguaren garrantzia
dela-eta, gardentasunez egin behar da agerraldia batzordean, inputatuak ordezkatzen duen foru-erakundearen
duintasuna eta eredugarritasuna babesteko behar diren azalpenak emateko", dio popularren taldeko bozeramaile Mikel Lezamak sinaturiko agerraldi eskaerak.
"GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren funtzionamenduagatik jarritako salaketa baten esparruan,
Gipuzkoako Fiskaltzak eskatuta, Gipuzkoako hondakinen partzuergoko lehendakari eta Gipuzkoako
Jasangarritasuneko foru-diputatu José Ignacio Asensio ikertuko dute, ustez ingurumenaren aurkako delitu bat eta dokumentuak faltsutzeko beste delitu bat egiteagatik. Ohiko prozeduraren paralelo litzatekeen inolako epaiketarik egin nahi izan gabe, eta aldez aurretik inolako erruduntasunik ezarri gabe, José Antonio Asensio foru diputatuak duen karguaren garrantzia eta egozten zaizkion egozpenen larritasuna kontuan hartuta, premiazkotzat jotzen dugu egokitzat jotzen dituen azalpenak ematea, ordezkatzen duen erakundearen duintasuna eta eredugarritasuna zaintzeko", gaineratu du Lezamaren idatziak.
"Neure gain" bonuak
Gogoan izan, GuraSOS herri akusazio gisa agertu da auzi honetan. GuraSOSek jakinarazi duenez, ordea, "Jose Ignacio Asensiok GuraSOSen kontuak enbargatuta utzi ditu beste auzi batzuetako kostak ordaindu ez dituelako". Horregatik, "nire gain" bonuak eskuragarri jarri ditu NOAUA! K.E.-ren egoitzan eta Aitzaga tabernan. Albiste honetan beherago duzue baita eskuragarri. Ekarpen ekonomikoa egin nahi duenak bonu horietako bat datu pertsonalekin bete, tartean helbide elektronikoa idatzi eta "bertara helduko zaizu gero mezu bat "argituz zeinen kontuan egin beharko duzun diru sarrera, hau da, eskaini duzun laguntza ekonomikoaren kopurua eta jasoko duzu diru hori zertan gastatu den egiaztagiria". Diru ekarpenak norbanako gisa edo taldean egin ahalko dira.