Zubietako erraustegia

“Ez dut epaitegietatik inongo zitazio ofizialik jaso”

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 19a, 13:48

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Elkarrekin Podemos eta PP alderdiek eskatuta,  GHKren lehendakari eta jasangarritasun arloko foru diputatu Jose Ignacio Asensio azalpenak ematera agertu zen gipuzkoarron ordezkari politikoen aurrean ostiralean.

 

“Ez dut epaitegietatik inongo zitazio ofizialik jaso, beraz, zuek aipatutako gertaeren xehetasunen berri ez dut”. Hitz hauekin erantzun zion Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari eta jasangarritasun arloko foru diputatuak, GuraSOSek aurrez berri eman moduan, ustezko ingurumenaren aurkako delituagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik ikertua izaten ari den albisteari.

Elkarrekin Gipuzkoa eta PP alderdiak albiste horri lotuta Batzar Nagusietan Asensio bera agertzea eskatu zuten. Foru diputatuaren agerraldia ostiral goizean egin zuten erakunde honen Donostiako egoitzan. Asensiok gaineratu zuenez, “ezagutzen dudan informazio bakarra hedabideetan argitaraturikoa da”, adierazi zien batzarkideei, errespetu handiz tratatuko zituela jakinaraztearekin batera, “ ez duela bi egun bezala”, GuraSOSen agerraldiari aipamena eginez.

2015az geroztik egin izan dituen hainbat agerraldietan adierazitakoa berretsiko zuela iragarri zuen hitza hartu zuen unetik. Erakundeen funtzionamendu egokia defendatu zuen. Erabakiak herrialdeko udal guztiak mankomunitateen bidez ordezkatuak dauden GHKren asanbladan hartzen direla, irizpide juridiko eta teknikoekin. “Asanbladak onartutako akordioak beti errespetatu ditu lehendakari honek, erabateko gardentasunarekin. Beti”, ziurtatu zuen Asensiok. Informazioa eskatu denean eman dela ere ziurtatu zuen.

Gezurtatu nahi izan zuen kontratu eta kontrol falta dagoenik Zubietako erraustegiaren gainean. “Sinpleki, faltsua da” ziurtatu zuen. Bide batez, eta batzarkideek hitza hartu zutenean zenbait taldeek ahotan hartutako foru gobernuaren jokabide egokiaren gaiaren harira iragarri zuenez, “argi dago norberak noiz hartu behar dituen gain bere ardurak. Ahozko epaiketa badago, berehala dimitituko nuke. Ez diot inolako atxikimendurik karguari”. Horrekin batera, gaineratu zuen, “zitazioa jasotzen badut berriz agertuko naiz neronek eskatuta”.

 

“Dena ukatzen dut”
Batzarkideen galderei erantzuteko tartean, are zehatzago erantzun nahi izan zuen Asensiok. “Ez dut dokumenturik faltsutu eta ez dut hondakinen kodifikazioa kudeatzen”. Esan zuenez ordea, hori esatea soilik bere burua defendatzea litzateke. “Baina nik GHKko langile guztiak defendatuko ditut”. Haiei dagokioenean adierazi zuen, “langileen aurkako jazarpena ez dut toleratuko, haien lana aitortu nahi izan zuen. Azken aldian langileez esandakoekin “muga guztiak gainditu dira”. Horren aurrean zioen, adierazitakoen inguruan “dena ukatzen dut, GHKren lan egiteko modu egokian konfiantza dut”.

Zubietako erraustegian urteotan izandako hainbat gertaeren aurrean neurriak hartu dituztela defendatu zuen, “kontrol publikoa dagoelako egiten da”. Batzarkideen taldeek nahiz GuraSOSek ahotan hartutako azkenaldiko erraustegiaren geldialdiari buruz zioenez, “geldialdi gehiago egongo dira prozesu industrial guztietan bezala”. Lixibatuen arazoari buruz “baimen bateratuak dioen moduan biltzen kudeatzen da”, gaineratu zuen. GHKren zerbitzuen aurtengo %40ko gainkostuaz zioen, “%40ko aurrekontu handitze bat egon dela”.

GuraSOSi buruz: “Ez da haurren osasunaz kezkatzen”
GuraSOSen jokabideak “modus operandi” zehatz bati erantzuten diola uste du. “Behin eta berriz, ustezko irregulartasunengatik salaketak aurkezten ari dira eta orain arte ez dago ezer”, ohartarazi zuen eta “langileek eta GHKko arduradunek ez dute barkamenik jaso”.

Horregatik, ondorioztatu zuenez, “GuraSOS ez da haurren osasunaz kezkatzen, ezta ingurumen delituengatik. Instalakuntza bakar batengatik kezkatzen da”, ziurtatu zuen. Aldiz, gogorarazi zuen, “gaurdaino, 700.000 eurotik gorakoa da defentsa juridikoen kostua. Ezin dugu onartu gipuzkoar guztiok asumitzea”.

Jose Ignacio Asensioren agerraldia osorik, Gipuzkoako Batzar Nagusien web orrialdean ikus dezakezue. Segidan, batzarkideen taldeen adierazpenak:


Elkarrekin Gipuzkoa: “Gure kontrol lana ukatzen duzu”
“Gardentasuna eta informazioa lehen eskutik” jasotzea, horixe zela Asensioren agerraldiaren helburua azaldu zuen Elkarrekin Gipuzkoak. Hedabideetan argitaraturikoaren aurrean, “Gipuzkoarren subiranotasuna ordezkatzen dugunok Batzar Nagusietan gaude eta hemen eman behar dira azalpenak”, gogorarazi zuen taldeko bozeramaile Miren Etxebestek.

Batzarkideen taldeek bitan hitza hartzeko aukera izan zuten Asensioren agerraldian. Elkarrekin Gipuzkoa izan zen lehena. “Fiskaltzaren ikerketa badago, uste da inputazioa helduko dela”, zioen Etxebestek. Ez bazaio komunikatu, “informazioa ez aipatzeko” arazorik ez zuela izango adierazi zion”. Horrekin batera, hainbatetan GuraSOS alderdi politikoren batekin lotzeari uztea eskatu zion. “Eskatuko nizuke kasu hau GuraSOSen salaketarekin lotzea, Fiskaltza da ikerketa egin duena”.

Bi egun lehenago, GuraSOSek Batzar Nagusietako batzorde horretan bertan emandako informazioa aintzakotzat hartuta, hainbat argibide eskatu zizkion Elkarrekin Gipuzkoak GHKren lehendakariari: Kontsortzioaren beraren txostenek Zubietako erraustegiaren bueltan gertatzen ari den kutsaduraren handitzeaz eta ea horren aurrean neurriak hartzen ari ote diren, lixibiatuen arazoa, hondakinak kode okerrekin atera ote diren erraustegitik, zergatik daraman hainbat egun erraustegiak balorizatu gabe, GHKren zerbitzuetan izan den %40ko gainkostuaz…

Asensiok bigarrenez hitza hartu ostean Elkarrekin Gipuzkoatik erantzun zioten esanez, “galdera bati erantzun diozu”. Ildo horretan gaineratu zuenez, “erantzun bera ematen duzu, ez duzu daturik ematen” eta horren harira zioenez, galderak “erantzuten ez dituzunean susmoak sortzen dira ez duzula informazio hori eman nahi. Ez dago gardentasunik. Gure kontrol lana ukatzen duzu”.

Asensiori gogorarazi zionez, “Batzar Nagusietako jasangarritasun batzordean gaude, bere funtzioa zure lana kontrolatzea da. Aukera ematen ari gara denbora eperik gabe nahi duzuna esateko eta jazarpen soziopolitikoa eta zeharkako loturez ari zara”. Etxebestek GuraSOSek eta edonork salaketak aurkezteko duen eskubidea defendatu zuen. Gaineratu zuenez, “salaketak jartzen lagundu behar genieke”.


PP: “Zuk dena oso argi izan dezakezu, baina gizarteak ez”
Alderdi horretako bozeramaile Mikel Lezamak hedabideetan Asensiori buruz zabaldutakoaz “zein den beste bertsioa”, horixe bakarrik jakin nahi zuela jakinarazi zion GHKren lehendakariari, haien betebeharra zela diputatuari azalpenak emateko aukera eskaintzea, “akusazioen larritasuna ikusita”.

Adierazi zionez, “gu ez gara GuraSOS, ez gara azpiegiturako zuzendaritza, gizartearen parte gara”. Nahiago izango zuela zioen PP-ko bozeramaileak “zuri ateratzea azalpenak ematea” erakundeen eta “gizarte osoaren hobebeharrez”, baina ez dela horrela izan ordea. “Zuk dena oso argi izan dezakezu baina gizarteak ez”, gaineratu zion. Asensiok emandako azalpenei dagokienean, bere ustez, “argibideak emateko aukera galtzen ari zara. Zuk emandako azalpenekin pozik bazaude, kito”.

Foru diputatuak aipaturiko jazarpenari buruz Lezamak nabarmendu zuen, halakorik gertatzen ari bada, “inork ez du hori bizitzea merezi, akusazio sendorik gabe”.

 

PSE: “Modus operandi argi bat dago”
Bi egun lehenago GuraSOSen agerraldian esandakoak ekarri zituen gogora PSE-ren bozeramaile Susana Garcia Chuecak. Elkarte honen jokabidea kritikatzeko baliatu zuen hitza hartu zuen tartea. Agerraldirako motibazioa alboratu zuela eta “denetarik hitz egin zuen” zioen GuraSOSen ordezkaritzari buruz, “haiek jarritako salaketari buruz izan ezik. Hogei bat galdera egin nizkien, baina bat baino ez zuten erantzun”.

Elkarte hori sortu zenetik, 2016tik iruzurra egiten jardun izana egotzi zion GuraSOSi. Asensiok bizi duen indefentsio egoeran egin nahi izan zuen azpimarra. “Jakintzat eman dira hainbat gauza inoiz frogatu ez direnean”. Gogora ekarri zuen 2021ean Batzar Nagusiek adierazitakoa; auzi honen judizializazioaz, erakundeon borondate politikoa mugatzeaz eta GuraSOSen jarrera oztopatzaileaz. Elkarte honi buruz adierazi zuen, “kosta egiten da sinestea bere borondatean, hau 42. salaketa da”. Asensiok esandakoarekin bat eginez adierazi zuen, “modus operandi argi bat dago, aurrez diseinaturikoa”. Bere esanetan, lehenbizi erraustegia ez eraikitzea eta martxan jarri ostean “ixtea bultzatzen da”, besteak beste, “alarma sortzen duten lerroburuekin”.

Erraustegiko nahiz GHKko langileek bizi duten “jazarpen itxurako egoera” salatu zuen. Elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan zien. “Ez dakit nola lan egingo nukeen halako egoera batean”, zioen Garcia Chuecak.


EAJ: “Sinesgarritasuna galdu dute”
Bi egun lehenagoko GuraSOSen agerraldia mintzagai zuela hartu zuen hitza baita EAJ-ren batzarkideen taldeko bozeramaile eta Usurbilgo Udaleko zinegotzi Xabier Otxoak. “Ez zen hain erosoa izan”. GHKren gardentasunaz Asensiok eginiko defentsaren aurrean, “zer gehiago egin daiteke?” galdetu zuen. Oso larritzat jo zuen “halako plataforma batek demokratikoki aukeratua izan den gehiengo bati halako errespetu falta egitea, erakunde honi prestigioa kentzea helburu bakarra izanda”.

Otxoak galdetzen zuen, “dozenaka aldiz gertatu den moduan, oraingoan ere hau hutsean geratzen bada zer gertatzen da zure eta GHKko langileen irudiarekin?”. Salatu zuenez, “gaur egun oso merkea ateratzen da halako akusazioak egitea. Ez dut uste tratu hau merezi dutenik inondik inora”.

Egoera honetan, zioenez, “gizartean aspertuta gaude dramatizazio eta alarmismo honekin. Sinesgarritasuna galdu dute dagoeneko. Eskatuko nuke, behintzat, mesedez, teknikarien irudia eta osasuna babestea”.


EHBildu: “Auditoretza independentea eta publikoa eskatuko dugu”
“Ustezko errugabetasun printzipioan sinesten dugu erabat” erantzun zion EHBilduren bozeramaile Luix Barinagarrementeriak Asensioren adierazpenei. Halere, gaineratu zuenez, Asensio ikertua izateko eskaria “Fiskaltzaren ekimena izan da, ikusi duelako zerbait egon daitekeela. Dudarik gabe iketzeko dago”. Ildo horretan, nabarmendu zuen, “mandatu baten lana epaitegietara iristea ez da hain harrigarria”.

GHKren bueltan dauden arazoak ez direla gaurkoak “lehendik egon dira” adierazi zuten EHBildutik, baina Barinagarrementeriaren esanetan, “arazoak ukatu egin dira”. Urteotan jazotakoa ekarri zuen gogora; transformagailuaren matxurak, isurketak, suteak… Kezkagarritzat jo zuen erraustegiko “bi labe zortzi egunez ezer zenbatu egotea”. Hori guzita “ikertu egin behar da. Horrekin guztiarekin zer gertatzen den jakin behar dugu. Kontrol publiko zorrotza behar da eta hala eskatzen dugu”.

Baina Asensiok emandako adierazpenen aurrean, eman beharrezko azalpenak “ez ditugu entzun” zioen. Gobernu onari buruzko foru arauan oinarrituta, “azalpenak eskatzen ditugu”. Erakundeen jardunaren aurrean helegiteak aurkezteko eskubidea defendatu zuen.

Ildo horretan iragarri zuenez, “auditoretza independentea eta publikoa eskatuko dugu Zubietako plantaren inguruan, ezinbestekoa delako, oso gai delikatu eta garrantzitsua delako, arazo batzuk daudela ikusten delako ez direnak behar bezala erantzuten”.