Zubietako erraustegia

Erraustegiari buruzko kanpo-auditoretza eta elkarrizketa mahaia osatzea galdegin du GuraSOSek Batzar Nagusietan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 19a, 14:42

GuraSOSek agerraldia egin zuen asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Zubietako erraustegiari lotuta, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari eta foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio ikertua izaten ari dela berri eman ostean.

 

Ustez ingurumenaren aurkako delituagatik nahiz ustez baita dokumentuak faltsutzeagatik, Zubietako erraustegiaren funtzionamenduari lotutako kontuongatik Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari eta jasangarritasun arloko foru diputatua ikertua izaten ari dela ohartarazi zuen GuraSOSek berriki. Albiste horrek hedabideetan izan zuen oihartzuna tarteko, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Elkarrekin Gipuzkoak taldeak erakunde horretan elkarte honen agerraldia eskatu zuen.

Asteazkenean agertu ziren gipuzkoarron ordezkari politikoen aurrera, GuraSOSeko lehendakari Joxe Mari Izeta eta abokatu Joseba Belaustegi. Bigarren kide honek hartu zuen hitza. Beste ezer baino lehen, aurreikusia zuen hitzaldiari ekin aurretik, egunotan jasotako informazioak aldarazi egin zuen elkarte horretako ordezkariak esateko zuena. “Gaur jakin dugu Zubietako erraustegiak zortzi egun daramala geldirik, bi labeak geldirik balorizatu gabe. Ez dakigu zer gertatzen ari den”. Horri lotuta, adierazi zuenez, erraustegiaren eraikitze eta funtzionamendu kontratuan gardentasunez jokatzea eskatzen zen; egunero denbora errealean isurketen datuak ematea eta ez da hala izaten ari. Eguneko eta bezperako laburpenak eskaintzen dituztela zioen Belaustegik eta datu horiek bi egun igarota desagertu egiten direla.

“Informaziorik ez baduzue zer konponduko duzue?”
Horren aurrean zionez, gertatu behar lukeenaren kontrakoa da egoera. “Berriz ere GuraSOSek egin beharko du berari tokatzen ez zaion lana erraustegian zer gertatzen ari den jakiteko”, adierazi zien batzarkideei. Haiei zuzenduta gaineratu zuenez, “zuek zarete gure ordezkariak, berez zuek guri informatu beharrekoen berri jasotzen ari zarete. Herritarrok informazioa jasotzeko gaude, zuek emateko. Informaziorik ez baduzue zer konponduko duzue?”.

Urteotan erraustegian jazotakoaren berri (suteak, transformagailuarena, isurketak…) GuraSOSen bidez izan zutela gaineratu zuen Belaustegik, gardentasun falta agerikoa dela lehen mailakotzat jo zuen gai honetan. “Ez zarete ezerren jakitun, ez zaituztetelako informatzen”. Hortik, ondorioztatu zuenez, “hemen ingurumen demokraziarik ez dago, ez dagoelako informaziorik eta horren araberako erabakirik ez delako hartzen”.

Agintariek “ukatu egiten dute errealitatea eta horren berri ematen duenari prestigioa kentzen saiatzen dira”. Belaustegik gogorarazi zuenez, ordea, ingurumena babestea betebeharra da. Kudeatzaileei erreakzio gaitasun falta egoztearekin batera, eta arazo hau konpondu artean, erraustegiaren eragina “naturan nabaritzen ari da jada”.

Kanpo-auditoretza eta elkarrizketa mahaia
GuraSOSek datuak ekarri zituen agerraldi horretara, Toxico Watch fundazio holandarrak azken urteotan Zubietako plantaren bueltan eta Europako halako beste instalakuntzetan egin dituen neurketen emaitzak. Kezkagarritzat jo zituen, urteotan handitzen joan baita kutsadura Zubietako erraustegiaren bueltan. Baina ez fundazio horrek bakarrik, GHK-ren beraren txostenek ere gai kutsakorrak hazi direla diote GuraSOSen esanetan, zenbait gai toxikoren presentzia lehen baino lau edo bost aldiz handiagoa dela ohartarazten dutela.

Testuinguru honetan, bi proposamen egin zizkien GuraSOSek batzarkideen taldeei. “Ikertzeko borondaterik ez dagoenez, Batzar Nagusiek kanpo-auditoretza independente bat” egiteko gonbita egin zuen, “ohiko mekanismoek ez dutelako funtzionatu”. Bigarren proposamena, hondakinen kudeaketaren arazoari behin betiko konponbidea emango dion mahai bat eratzea, auziari irtenbide adostu bat emateko elkarrizketaren bidez. “Gipuzkoari bigarren aukera ematea” galdegin zuen. Proposamenok talde politikoei bidaltzekotan geratu zen GuraSOS.

“Okerrak zuzentzea eskatzen dizuegu”
Beste bitan hartu zuen hitza GuraSOSeko kideak, batzarkideen taldeek eginiko galdera eta iruzkinei erantzuteko. Auzibideari dagokionean “justiziako denborak azkarragoak izan behar lukete” Belaustegiren iritziz. Oraindik argitzeke dago akusazio gisa aurkeztu ahalko duten.

Edozein kasutan, PSEri gogorarazi nahi izan zion, “GuraSOS ez, fiskaltza dela salaketa jartzen duena” eta horren aurrean, gizarteak hau guztia ezagutzeko, informatua egoteko duen eskubidea defendatu zuen. “Ikerketaren hasieran gaude, baina ezin da ezkutatu zantzuak daudelako”, iragarri zuen Belaustegik. 

Bere esanetan, Asensiok zer zekien, “hori da ikerketaren gakoa. Zantzuak daude, ez da erraustegian ezer gertatzen berak jakin gabe. Edozein intzidentzia gertatzen dela erraustegian, Foru Aldundiak erantzun behar du”. Erakundeen erreakzio falta nabarmendu zuen gertatzen ari denaren inguruan, eta horixe, erreakzionatzea nahi dutela.

Asensiok GuraSOSek galdutako salaketei buruz argitu nahi izan zuen, “guri prestigioa kentzeko erabiltzen dute. Salaketa penalak fiskaltzara lau egin ditugu eta lauretan fiskaltza izan da auzitegian salatu duena, salaketa poliziala eta judiziala ezberdina da”.

Zubietako erraustegian gertatzen ari denari buruz, “gauzak gaizki egiten aritzea” jendarteak horren pertzepzioa duela gogorarazi zuen. Eta bai, haurren osasuna babesteko gurasoen elkartea dela gogorarazi zuen GuraSOS. “Osasuna defendatzeko betebeharra dugu”. PSEtik adierazitakoari baietz erantzun zion “ez gaitu inork bozkatzen gu. Zuek ordea bozkatuak izan zaretelako ez zarete kritikaezinak. Okerrak zuzentzea eskatzen dizuegu, ez diezuegu legitimitaterik kentzen”.

GuraSOSen agerraldia osorik, Gipuzkoako Batzar Nagusien web orrialdean ikus dezakezue. Segidan, lerrootan, GuraSOSen agerraldiaz batzarkideek adierazitakoa:


Elkarrekin Gipuzkoa: “Justiziak zer esango zain gara”
GuraSOSek emandako informazioa eskertzearekin batera, Elkarrekin Gipuzkoako bozeramaile Miren Etxebestek adierazi zuenez, “gure eskumenak begiratuko ditugu” konponbide bat ematearren, “zerbait oker badago teknikariek ondo egin dezaten eta kutsadurarik ez eragiteko”. Oso kezkatua agertu zen “zuek helarazitako kutsadura datuekin. Justiziak zer esango zain gara”.


PP: “Gardentasunak erabatekoa izan behar du”
Kezkagarritzat jo zuen talde popularreko bozeramaile Iñigo Manriquek gai honetan dagoen “gardentasun falta”. GuraSOSek emandako argibideak eskertzearekin batera, bi kontu zehaztu zituen; batetik, erraustegia zortzi bat egunez funtzionatzen ez dabilela eta erraustegia eraiki aurretik eremu horretan “ez zegoen kutsadura orain kutsadura dagoela”. Ildo honetan, adierazi zuenez, bere esanetan delikatua den gai honetan “gardentasunak erabatekoa izan behar du”.


PSE: “Zuen obsesioa Zubietako planta eraikitzea saihestea zen eta hura lortu ez zenutenez, geratu eta ixtea”
Iruzurgileen teknika baliatzea aurpegiratu zion PSEko bozeramaile Susana Garcia Chuecak Belaustegiri “zure argumentuak azaltzera zoazenean. Denetarik hitz egitera zatoz, hitz egin beharreko gaiaz izan ezik”.

Egindako salaketak egiteko zertan oinarritzen zen galdetu zion GuraSOSi. Aurpegiratu nahi izan zion Belaustegiri, helegite asko aurkeztu dituztela urteotan “baina denak galdu dituzue”. Ondorioz, zioenez, “ulergarritzat jo behar duzue zuen salaketak talde honi batere fidagarriak ez iruditzea”. Salaketon eraginkortasuna ikusita, “edonork bere estrategia birplanteatuko luke”. Horregatik, Belaustegiri galdetu zion, “denei salatu aurretik, hobeto fintzea ez duzue planteatu?”.

Osasunaz kezkatzen den elkartea izanik zioenez “zuek mina eragiten ari zarete hainbeste salaketa faltsuekin. Ardura zaizue pertsona horien osasuna? Nola lan egin daiteke etengabeko jazarpen horretan? Arduradun politikoei dagokionean berdin”. GuraSOSi bere sorreratik, 2016. urtetik langileok publikoki jazartzea leporatu zion.

Oroitarazi nahi izan zuenez, urteotan, bere esanetan, legitimoki gehiengo osoz hartu diren erabaki politikoak “judizializatu nahi izan dituzue”. Horren aurrean, erraustegiaren bueltan lan egiten dutenak defendatu eta haien indefentsioa salatu nahi izan zuen. “Beti gardentasunez eta zorroztasunez dihardute lanean” ezarria dagoen araudiaren baitan, gaineratu zuenez.

Kutsakorrak diren beste adminisrazioen instalakuntzei zergatik ez zieten erreparatzen galdetu zuen baita PSE-ko bozeramaileak. Galdera horri berak erantzun nahi izan zion. “Zuen obsesioa lehenik (Zubietako) planta eraikitzea saihestea zen eta hura lortu ez zenutenez, geratu eta ixtea”.

Galdetu zion ea herritarren ordezkari gisa “erabakiren bat hartuko genukeen pertsonen osasunaren kontra”. Gipuzkoako erakundeek hartutako erabakiak demokratikoki eta gardentasunez hartutakoak izan direla ziurtatu nahi izan zuen. “Zuek nortzuk ordezkatzen dituzue? Ze legitimitatez ari zarete, nortzuk bozkatu zaituzte?”. Horren harira zioenez, “auzitegietan irabazi nahian zabiltzate, botere organu demokratiko hauetan irabazi ez zenutena. Hori da arazo bakarra. Hori zure arazoa da, ez Gipuzkoako gizartearena ezta Batzar Nagusi hauena ere”.


EAJ: “Eskertuko nuke gipuzkoar moduan, dirua alferrik ez gastatzea”
“Teknikarien aurka joatea inolako proba edo daturik gabe marra gorri bat pasatzea da eta nahiko larria iruditzen zait, zuen helburua jendearen osasuna zaintzea bada”, erantzun zien Xabier Otxoa Usurbilgo Udaleko zinegotzi eta batzorde horretako EAJ-ko kideak GuraSOSen ordezkariei.

Aipatu elkarteak eginiko proposamenari dagokionean, kanpo-auditoretza independentea bideratzea eta horren aurretik “konponbide prozesu bat irekitzea, tirita zauriaren aurretik jartzea da. Zuen jokabidea nahiko ohikoa da”, zioen Otxoak.

GuraSOSek aurkezturiko helegiteei dagokienean, “denak ezezkoak atera dira. Dakidana da momentuz 700.000 euro baino gehiago gastatu ditugula defentsa juridikoan. Eskertuko nuke gipuzkoar moduan dirua alferrik ez gastatzea”.

Ildo horretan, gaineratu zuenez, “ez dakit zuen helburua administrazioa desprestigiatzea den, zuen amaierako helburua erraustegia ixtea ote den. Hori hala den edo ez argitzea nahi nuke”. Ziurtatu zuenez, “halako balorizazio energetikoko planta bat martxan jartzean elementu kutsatzaileak egongo dira. Osasunarentzat kaltegarriak diren edo ez hori da eztabaida”. Ildo horretan bat egin zuen PSE-ko ordezkariak adierazitakoarekin. “Hemen ez du inork mahai gainean osasunaren kontra doan ezer jarri”, adierazi zuen Zubietako erraustegiari buruz.


EHBildu: “Zubietako erraustegiaren inguruan kezka eta ezinegona dago”
GuraSOSek azken aldian ezagutaraziko informazioa kezkagarritzat jo zuen EHBilduren ordezkari Jon Altolagirrek. “Gure kezka azaldu dugu foru gobernuko kide bat halako auzibide batean egoteagatik”.

Bistan denez, “Zubietako erraustegiaren inguruan kezka eta ezinegona dago”. Horregatik, justiziari “azkartasuna eskatzea dagokigu, batez ere foru diputatuaren eta gainerako hiru kideen egoera ahalik eta azkarren argitu dadin” eta herritarrek ere horren berri izan dezaten EHBilduko ordezkariaren esanetan. Gardentasun printzipioan sakontzeko beharra nabarmendu zuen, “hori da gai honen inguruan eskatzen duguna”. Batzar Nagusiek onartua duten gobernantza eredu egokiari lotutako foru arauko zuzentasun eta gardentasun printzipioak ekarri zituen gogora.