Aitziber Ugartemendia Zubeldia zendu da

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 16a, 11:41

Argazkia: Aiurri.

Herrigintzan aski ezaguna, Andoainekin lotura estua zuen arren, Zubietan ere eragile aktibo askoa izan da Ugartemendia, bertako eskolan hain zuzen.

Aitziber Ugartemendia Zubeldia zendu da bart. Herrigintzan zuen onena eta guztia eman zuen urte luzez, bereziki Andoainen, baina baita besteak beste, Zubietan ere, Zubietako eskolan hain zuzen. Guraso elkarteko eragile nagusietakoa izan da Ugartemendia. Eskolaren bueltan antolaturiko dinamiketan bera lanean ikustea oso ohikoa zen. Horrez gain, aipatu ikastetxeko Organo Goreneko kidea zen baita.

Aitziberri azken agurra emateko aukera izango da asteburuan zehar Errekaldeko beilatokian. Hasteko, larunbat arratsalde honetan, 17:00-21:00 artean eta baita bihar ere, igandez, 9:00-17:00 artean.

Andoaini estuki lotua
Aiurri Andoaingo hedabideak azaldu duen moduan, "aski ezaguna" zen Aitziber udalerri hartan. "Herrigintzan, Axeri dantzan, euskalgintzan eta kulturgintzan, oro har, jardun zuen bere ibilbidean. Azkeneraino laguntzeko prest agertu zen, gainera. Axeriekin, esaterako, uda honetan Donostiako jaietan egin zuten dantza emanaldian jantziez arduratu zen. Ordurako, nabarmena zen gaixotasunak bere gain zuen eragina".

Politikagintzan, 2011-15 legealdian Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ardura bere gain hartu zuen, Bildu Andoaingo udaletxean agintean zela.

Ogibidez, Katxiporreta konpainiako kidea zen.