Bi atxilotu Zubietan, kobrezko materiala lapurtzea egotzita

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 19a, 10:08

Artxiboko irudi bat.

15.000 euro inguruko balioa duten kobrezko bobinak lapurtzea egotzita bi gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak asteburuan Zubietan.

Asteburuan, Zubietan 30 eta 34 urteko gizonezko atxilotu dituela berri eman du Ertzaintzak. Zehazkiago esanda, igandean izan ziren atxiloketok. Antza, bertan "eraikitzen ari diren esparru batean alarma piztu dela" jakinarazi zioten. Ohartarazpen honen aurrean, "berehala, herritarrak babesteko patruilak bertaratu dira, eta, iritsi direnean, obrako etxola batetik bi pertsona zetozela ikusi dute". Aipatu bi gizonezkoak "korrika atera dira mendi-mazela batera, eta bertan geldiarazi dituzte, zuhaixka batzuen artean ezkutatzen saiatu ondoren. Biek laneko eskularruak zeramatzaten, eta batek, gainera, linterna bat".

Ertzaintzatik ohar bidez azaldu dutenez, "obraren perimetroaren barruan, hesi batekin babestuta, furgoneta bat zegoen irekita, kobrezko bobina batzuekin eta tresnekin. Inplikatuek aitortu zutenez, ez zen bere jabetzakoa, baina utzi egin ziotela. Gainera, beraiek kargatu zuten material metaliko hori".

Hala, "bobinak obraren barruko gela batetik lapurtu zituztela, atea bortxatua zutela eta hamabost mila euro inguruko balioa zutela egiaztatu ondoren, bertara joan zen eraikuntzako arduradun batek emandako informazioan oinarrituta, biak atxilotu zituzten indarra erabiliz egindako lapurreta-delitu batengatik".