Kantuan agurtu berri du Zubietako eskolak 2023-24 ikasturteko lehen hiruhilekoa. Eguerdian, euri arriskua tarteko, frontoian egin duten kantu saioarekin joan dira bi aste pasatxoko negu hasierako oporretara. Hitzordurako ezin egokiago jantzita, landua zuten gabonetako zuhaitza alboan zutela, dantzan eta abesten eman diete ongi etorria egunotako ospakizunei gaztetxo zein hezitzaileek. Mokadutxo goxo askoarekin borobildu dute eguerdi parteko emanaldia.
Urtarrilaren 8an itzuliko dira ikasgeletara, gainerako ikastetxeen antzera. Egutegi kontuagatik, aurtengoan modu mailakatuan joan dira oporretara. Asteazkenean Udarregi ikastolakoek kantuz giroturiko kalejirekin agurtu zuten ikasturte honetako lehen hiruhilekoa, atzo Aginagako eskolakoek, eta ostiral eguerdi honetan aipatu moduan, Zubietako eskolakoek.