Urtea agurtu bezperatan izan genuen Zubietako erraustegiari lotutako azken albistearen berri. "Zubietako erraustegiak Artaxoako konpostaje-plantara eramandako hondakinen benetako izaera ezkutatzen du", irakur genezakeen GuraSOS elkartearen blogean.
EHBilduk egindako galdera bati erantzunez Nafarroako Gobernuak aurreko egunetan baieztatu zuenez, Zubietako erraustegitik Nafarroako Artaxoa udalerrian kokaturiko Ecofert Sansoain SM enpresara hondakinak garraiatu zituzten bertan kudeatzeko eta hondakinok "kode okerra" duela zioen Jose Maria Aierdik (Geroa Bai) gobernu horretako ingurumen kontseilariak. Horrez gain, Zubietako erraustegian kode horretako hondakinak ekoizteko baimenik ez duela zioen. Hondakinon jatorri eta ezaugarriak aztertzeko espedientea ere zabaldu zuen Nafarroako Gobernuak.
Horren aurrean, GuraSOSek larritzat jo zuen egoera, "ez soilik ilegaltasunagatik, datuak ezkutatzeagatik eta iruzurragatik, baizik eta ingurumenaren eta pertsonen osasunean eragin dezakeen arriskuagatik, kontuan hartuz Artaxoako lantegira mugitu diren hondakinak nekazaritzarako lurrak eta landareak abonatzeko erabiltzen direla. Bestalde, lantegiak ez du baimenik ezta teknikoki prestakuntzarik ere erraustegiko hondakinak tratatzeko".
Interpelazioa Jose Ignacio Asensiori
Gai hau hizpide izango dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, datorren urtarrilaren 10ean, goizeko 9:30etan hasiko den hileroko osoko bilkuran. Saio horretan, hamar puntuko gai-zerrenda hartuko dute ahotan batzarkideek. Eguneko hizpideen artean, azkena izango da Zubietako erraustegiari lotutakoa. Jasangarritasun Departamentuko foru-diputatu Jose Ignacio Asensiori zuzenduriko interpelazioa aurkeztu du Batzar Nagusietako EHBilduk osoko bilkura horri begira, "GHKk kudeatzen duen Zubietako erraustegiko hondakinak Artaxoako Econaut Sansoain SL enpresaren instalazioan tratamenduari buruzkoa".
Interpelazio hau proposatzeko eginiko eskaeran EHBilduk azaldu duenez, "2023ko abenduaren 20an Nafarroako Landa Garapen eta Ingurugiro Kontseilariak, Jose Maria Aierdi jaunak, idatzizko galdera bati erantzunez onartu zuen bere gain dagoen departamendua "jakinaren gainean dagoela Artaxoan Econaut Sansoain SL enpresaren instalazioan Zubietako erraustegitik doazen hondakin likidoak jasotzen ari direla, hain zuzen, EHZ 19 08 12 kodearekin gaizki kodetuta".
Horregatik, aurkeztu du Asensiori zuzenduriko interpelazio eskaera Gipuzkoako Batzar Nagusietako EHBilduk, "azaldu dezan zer dela-eta ari den GHK behar bezala kodetu gabeko hondakin likidoak Artaxoako instalazioetara bidaltzen eta zein neurri hartu asmo dituen egoera irregular honekin amaitzeko".