Zubietako erraustegia

Erraustegiko lixibiatuak jasotzen aritu den Artaxoako enpresa itxi dute

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 24a, 12:36

Zubietako erraustegitik hondakin lixibiatuak garraiatzen ari ziren Nafarroako Artaxoako Ecofert Sansoain kautelaz itxi egin du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak. 

Urte amaieran Euskal Herria Bilduko parlamentarien galdera baten harira, Nafarroako Gobernuak baieztatu zuenez, Zubietako erraustegitik Nafarroako Artaxoa udalerrian kokaturiko Ecofert Sansoain SM enpresara hondakinak garraiatu dituzte bertan kudeatzeko eta hondakinok "kode okerra" zutela zioen Jose Maria Aierdik (Geroa Bai) gobernu horretako ingurumen kontseilariak. Zubietako erraustegian kode horretako hondakinak ekoizteko baimenik ez zuela zioen. Hondakinon jatorri eta ezaugarriak aztertzeko espedientea ere zabaldu zuen Nafarroako Gobernuak. 

Hainbat hedabide azken orduotan berri ematen ari denez, Zubietako erraustegiko hondakin lixibiatuak jasotzen aritu den Artaxoako enpresa hau kautelaz itxi egin du Nafarroako Gobernuko ingurumen sailak. Hainbat ikerketa eta ikuskapenen ondotik, berri ematen ari direnez, 5.500 tona lixibiatu garraiatu dira erraustegitik Ecofert Sansoain SM lantegira. Tuterako beste enpresa batetik beste 9.000 tona jaso omen dituzte eta horregatik guztiagatik, 110.000 euroko isunak jarri zaizkie. 

Hondakinen "jatorria eta ezaugarriak" identifikatzeko ikerketa
GuraSOSek larritzat jo zuen abenduan Nafarroako Gobernuko ordezkariak esandakoak azaleraturiko egoera, "ez soilik ilegaltasunagatik, datuak ezkutatzeagatik eta iruzurragatik, baizik eta ingurumenaren eta pertsonen osasunean eragin dezakeen arriskuagatik, kontuan hartuz Artaxoako lantegira mugitu diren hondakinak nekazaritzarako lurrak eta landareak abonatzeko erabiltzen direla. Bestalde, lantegiak ez du baimenik ezta teknikoki prestakuntzarik ere erraustegiko hondakinak tratatzeko".

Aipatu elkartetik gaineratu zutenez, "erantzunean, sailburuak ez du argitu Ecofertera bidalitako lixibiatuek arrisku maila duten edo ez, baina jakinarazten du “Ingurumen Ikuskaritza Saila espedientea osatzen ari dela”  “jatorria eta ezaugarriak” argitzeko". Ikerketa horretara batu da antza Guardia Zibila.

GuraSOSetik gogorarazi zuen Donostiako epaitegi bat nola ikertzen ari den, udazken honetan elkarteak berak jakinarazi zuen moduan, Jose Ignacio Asensio jasangarritasun arloko foru diputatua.

"Nafarroako Gobernuaren eta Donostiako epaitegiaren ikerketa-lanak Eusko Jaurlaritzaren aldetik ikertzeko asmorik ezarekin kontrastatzen dute, esku hartu beharko luketen datuak ageri direnean".


"Dokumentazioaren faltsutzea baieztatzen da"
GuraSOSen arabera, elkarte honek "Fiskaltzari eskainitako datuak eta horien aurka egindako salaketak erabat ziurtatu egiten ditu. Dokumentazioaren faltsutzea baieztatzen da, Nafarroako Gobernuko sailburuak “erabilpen oker” gisa definitzen  du hondakinen kodearen identifikazioa. Eta faltsutzearen eragingarria argitzen da. Artaxoako instalazioa ez dago baimendua erraustegietatik eratorritako hondakinak jasotzeko, izan hondakin likidoak edo lodoak. Horregatik, identifikatu ziren modu okerrean, [Ecobert]-ek ardura hartu ahal izateko, debekuaren gainetik. Gainera, Sailburuaren erantzunak baieztatzen du erraustegiak ez duela baimenik era honetako hondakinak sortzeko".

Egoera honetan, GuraSOSetik ziotenez, "honek azalpenak eskatzen dituen zalantza kezkagarria planteatzen du. Erraustegiak ez badu Eusko Jaurlaritzako baimenik hondakin hori sortzeko, nola liteke Eusko Jaurlaritzak garraiatze hori  baimentzea beste erkidego batera eta, gainera, nekazal ongarri gisa erabilia izateko? Zein da ezartzen duen benetako kontrola?".

Berriki Jose Ignacio Asensio GHKren lehendari eta jasangarritasun alorreko foru diputatuak Batzar Nagusietan egindako agerraldia ekarri zuen gogora GuraSOSek. "Duela gutxi Foru Aldundiko diputatua Batzar Nagusietan agertu zen gertaera hauek ukatzeko, era berean erraustegiko arduradun teknikoei bere babes guztia azalduaz. Faltsutzea frogatuta, bada garaia ardura politikoak eskatzekoa,  beste erakunde batzuei ziria sartzeagatik eta gezurra esateagatik: Nafarroako Gobernuari eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei".